Koldo Agirre izango da EH Bilduren alkatetzarako hautagaia Beasainen
“Orain arte martxan jarritako proiektuak gauzatzen jarraitzea eta emadako konfiantza itzultzea” espero du azken lau urte hauetan Beasaingo alkatea izan den Koldo Agirrek. “Lan egiteko modu berri batekin eta lan egiteko gogoz” aurkeztu zen orain lau urte ere hauteskundeetara, eta “gauzak beste modu batera egiteko” gogo horretan, “traba eta oztopo ugarirekin” topo egin dutela esan du gaurko aurkezpenean. Alderdikide ugari eta Xabiel Olano EHBilduren aldundirako hautagaia izan ditu alboan Agirrrek.
Bilduren ilegalizazio garaiak ere gogoan izan ditu, baina garai horiek gaindituta “herritarrengandik gertu” eta haiei “gertutasuna eta konplizitatea” eskaintzea izan du helburu EH Bilduk bukatzear den legealdi honetan. Horretan jarraitu nahi du aurrerantzean koalizioak ere, eta oraindik zerrenda osatzeko badute ere, “orain artekoen esperientzia eta jende berriaren ilusioa eta gogoa txertatzen” ari direla zehaztu du Agirrek: “Beasaingo errealitatera egokitzen den zerrenda izango da, EH Bildu talde zabala eta bizia delako, eta horren isla izan behar dugulako”.
Orain arte “oinarri” izan dituzten parte hartzea, berdintasuna, euskara… izango dituzte aurrerantzean ere jomuga, “azken lau urte hauek bide baten hasiera besterik ez direlako izan, eta asko dugulako egiteko”. Aurrerantzean ere auzolana izango dute oinarri, “pertsonetan oinarrituta, sentsibilitate ezberdinen aniztasuna izango dugu haria, herritarren iritzi oro kontuan hartuko dugulako eta horren alde lan egingo dugulako”.
Herritarrekin eta gainerako alderdi politikoekin adostasunak bilatzen saiatuko direla esan du Agirrek, gaur egungo herrigintzan eta auzolanean oinarrituta, “udala herrigintza egitko foro izan dadin”.
Kudeaketa eredua aldatzea helburu
EHBilduren nahia Beasaingo “kudeaketa eredua aldatzea” izan da, “herritarren inplikazioa eta elkarlana sustatuz” eta horretarako, “herritarren parte hartzea oinarri duen kudeaketa” bultzatu nahi izan dutela gaineratu dute gaur EH Bilduko ordezkariek Beasainen.
Lau urte hauetan egindako lana gogoratu dute, udaletik martxan jarri dituzten prozesuak, eta etorkizunerako dituztenak: “Plan Orokorra ere gauzatzen ari gara, erabakiak ahalik eta modu zabalenean hartzean duen garrantzia ikusita, ahalegin berezia izan da arau guztietan ahalik eta parte hartze handiena sustatzeko”, eta egiteko moduetan kultura aldaketa jarri dute martxan koalizioen ustez, “urrats txikiak baina oso garrantzitsuak direnak”.