Euskal musikaren eta kantuen zaleek hitzordu berezia dute datorren ostiralean Lazkaon. Euskal Kanten Lehiaketa egingo da Arerian, lehenbizikoz. Musika Eskola, Gerriko Elkartea eta Lazkaoko Udalaren artean antolatu dute.
Euskal abesti bat aukeratu eta hura abestea, horixe izango da erronka. Euskal musika eta kantuak sustatzeko helburuarekin antolatu dute Lazkaon Euskal Kanten Lehiaketa.
Lehen Gerriko elkarteak Gabonetako kantuen lehiaketa egin zuen urte luzez, azokarekin batera. Mugak zituen eta lan eskerga ere handia, horregatik utzi zioten egiteari. Euskal kantuen inguruan zerbait egiteko gogoa bazegoen, ordea.
Iaz iritsi zitzaion Lazkaoko Musika Eskolari Gerrikoren proposamena. Aurtengorako prestatu dute Kantu Lehiaketa aste honetan garatzen ari diren Aste Kulturalaren baitan.
Hilaren 13an izango da ekitaldia Arerian. Bi kategoria egingo dituzte: umeena, 14 urtetik berakoena, eta gazte zein helduena, 14 urtetik gorakoena.
Gehienez bost pertsonako taldeak izango dira, eta instrumentu bat erabili ahal izango dute. Instrumenturik ez dutenek musika basea erabiltzeko aukera izango dute Aitor Biain Musika Eskolako zuzendariak azaldutakoaren arabera.
Gaztetxoen mailan 18 taldek eman du izena dagoeneko, baina hamarrentzako lekua dago. Helduetan zortzi taldek hartu ahal izango dute parte, lau behintzat animatu dira.
Parte hartzaile guztiak Lazkaokoak dira, baldintza da lehiatu ahal izateko. «Euskal kantuetarako zaletasuna eta gogoa badagoela ikusten da, jende asko animatu da», dio Biainek.
Musika Eskolako irakaslez eta musika munduko adituz osatutako epaimahaiak ebatziko du irabazlea nor den.