Euskarak "eskolatik kalera" salto egin behar duela dio Ordiziako EAJk
Ordizian euskarak duen egoera, bere bilakaera, ezagutza, erabilera eta etorkizunerako erronkak izan ditu aztergai Ordiziako EAJk. Ordizia Elkarrekin egitasmoaren baitan antolatutako Kafe Sarean topaketa egitarauan egin zuten zita Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikako sailburuordearekin.
Ordizian euskarak egin duen bidearen gaineko datuak jasotzen dituen txostena aurkeztu zuen Baztarrikak. Saioaren balorazioan Jose Migel Santamaria EAJko alkategiak euskarak egin duen bidea “oso baikorra” dela azaldu du: “30 urte hauetan euskaldun hiztunen ehunekoa 14 puntu igo da, %41etik %56,5era. Horrek adierazten du gure hizkuntza ezagutzen duten 1.238 ordiziar gehiago daudela. Denbora horretan, gaztelera bakarrik hitz egiten dutenenak 1.206 gutxiago dira”.
Edonola ere, etorkizunera begirako erronka euskararen erabilera sustatzea dela dio Santamariak. “Garrantzitsuagoa da familiko hizkuntza giroa, ikastetxekoa baino. Urte osoko denboraren %14 bakarrik da eskola ordutegiarena”, dio. Horregatik, euskarak “eskolatik kalera, plazara” salto egin behar duela aldarrikatu du.
Datozen egunetan jarraipena emango diote Kafe Sarean topaketei. Bihar, asteartea, 18:30ean kirola izango dute aztergai Tximista sagardotegian. Topaketan parte hartuko du Gazteria eta Kiroletako zuzendari Jon Redondok. Ostegunean, hilak 12, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaz arituko dira. Emakundeko zuzendari ohi Txaro Arteaga izango dute bidelagun. Haizpen egin dute hitzordua 18:30ean.