Larunbateko proban 73 pilotuk parte hartuko dute, Lazkao, Zaldibia eta Gaintza artean egingo duten ibilbidean
“Motorraren festa, helburu solidario batekin”. Hori izango da asteburuan Lazkao, Zaldibia eta Gaintza artean egingo duten II. Goierri Rallysprinta, antolatzaileek gaur azaldu dutenaren arabera. Izan ere, sarreretatik eta publizitatetik lortzen duten diru guztia, Stop Sanfilippo fundaziora bideratuko dute. Egun osoko festa izango da; goizean plazan bilduko dira auto guztiak, eta arratsaldean egingo dituzte erlojupeko probak, Lazkaomendin eta Gaintzako aldapan barrena. Denera, 73 pilotuk parte hartuko dute, bi probetan.
Helburu solidarioa
Gaur Lazkaon egin duten aurkezpen ekitaldian parte hartu dute gaitz hori duen Oier Iribarren haurrak eta Izaskun Aizpurua haren amak. Orain arte jaso duten laguntza guztia “herriko ekintzen bidez” izan dela gogorarazi dute; Oierren gaitza tratatzeko behar dituzten 3 milioi euroetatik 1,7 milioi bildu dituzte dagoeneko, baina “ez zaigu inongo aberatsik etorri diru kopuru handi bat ematera, dena tantaka-tankata jaso dugu, herritik sortutako ekintzen bidez”.
Bide horretan lagundu dien talde garrantzitsu bakarra, Ner Group enpresa taldea izan da. Haren izenean, Juanjo Anduagak hartu du hitza gaurko ekitaldian. Ner Group taldeko enpresetan, langile guztien lanaldiaren %2 helburu sozialeko ekintzetan inbertitzen dituztela gogorarazi du, eta hainbat boluntariotza programatan parte hartzen dutela. Lazkaon, esaterako, taldeko 30 langile ariko dira larunbatean, boluntario moduan lanean.
“Probarik zailenetako bat”
Angel Gurrutxaga Euskadiko Automobilismo Federazioko presidenteak azaldu duenez, Euskadiko Rallysprint denboraldiko bigarren proba izango da, “euskal zirkuituko probarik zailenetako bat”, baina aldi berean, “parte-hartzaileek hobekien baloratzen dutenetako bat” dela azaldu du. Guztira 73 pilotuk parte hartuko dute proban, bi probatan eta hainbat mailatan banatuta. Aurten Goierriko 6 talde ariko dira, eta hori ere azpimarratzekoa dela azaldu dute. Horrez gain, Lazkaoko herrigunean kotxe klasikoen erakusketa ere izango da.
Iñigo Cuesta Gipuzkoako Automobilismo Federazioko presidenteak, berriz, hainbat aholku eman ditu, ikusleei begira. Garaiz etortzeko eskatu die, aparkatzeko garaian eta sarbideetan arazorik ez izateko. Antolakuntzako boluntarioek esandakoari kaso egin eta “leku altu eta seguruetan” jartzeko eskatu du. Era berean, “ingurunea eta baserritarren lurrak errespetatu” eta sortutako zaborrak biltzeko deia egin dute.
Ordutegiei dagokionean, goizeko 10:00etan hasi eta 14:00ak arte, autoak plazan prestatutako gunean egongo dira, egiaztatze probak pasatzen. 15:00etan egingo dute lehen erlojupeko txanda; guztira 3 izango dira. Sari banaketa, berriz, 21:00etan egingo dute, Lazkaoko frontoian. Sarrerak, zirkuitorako sarbideetan jarriko dituzte salgai, 10 euroan. Sarrera horiekin bildutako guztia, Stop Sanfilippo fundazioa laguntzeko izango da.