Eskoziako ordezkaritza batek Goierriko hainbat enpresa bisitatu ditu
Eskoziako Enpresa Garapenerako Agentziko ordezkariak Goierrin izan dira gaur, bertako hainbat enpresa ezagutzen. Bisita, Gipuzkoa-Eskozia proiektuaren barruan egin dute; besteak beste, Goiekik eta Foru Aldundiak bultzatutako egitasmoa da. Hala, Gipuzkoan martxan diren energia berriztagarrien inguruko proiektuen berri jakiteko aprobetxatu dute egonaldia. Goierri dagokionean, CAF enpresaren energia berriztagarrien arloko filiala den Ennera bisitatu dute; baita Irizar, Indar eta Ampo enpresak ere.
Jon Peli Uriguen Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatuak, Pedro Iturbe Lurralde Garapeneko zuzendariak eta Igor Eguren Goiekiko lehendakariak egin diete harrera. Bere aldetik, Paul O’Brian SDI agentziako energia berriztagarrien arduradunak eta Anusha Appadoo SDIren Europa hegoaldeko arduradunak gidatu dute Eskoziako ordezkaritza.
Sektore indartsua
Jon Peli Uriguenek, energiaren sektoreak Gipuzkoan eta Euskal Herrian duen garrantzia azpimarratu nahi izan du. Hala, erkidego mailan arlo honetan 350 enpresa eta 68.000 langile ari direla azaldu du, eta 44.000 milioi euro fakturatzen dituztela. “Kluster bat osatzen dute, eta gure enpresek badute nahikoa gihar eta kaudimen tekniko energia berriztagarrien alorrean proiektu garrantzitsuei ekiteko, batez ere itsas-energiako eta itsas-energia eolikoko planten alorrean”. Zentzu horretan, Gipuzkoak eta Eskoziako Gobernuak “harreman zuzena” dutela eta hainbat eremutan “lankidetza aukerak zabaltzeko” helburua dutela azaldu dute.