«Giroan lehenengo hamarren artean sailkatu nahi dut, horretara noa»
Euskal Herriko Itzulia amaituta, Asturiaseko itzulia izango du hurrengo erronka Ion Izagirre txirrindulariak (Ormaiztegi, 1989), eta Italiako Giroa hurrena, maiatzaren 9tik aurrera. Bitartean, ...
Euskal Herriko Itzulia amaituta, Asturiaseko itzulia izango du hurrengo erronka Ion Izagirre txirrindulariak (Ormaiztegi, 1989), eta Italiako Giroa hurrena, maiatzaren 9tik aurrera. Bitartean, atseden hartzen ari da, eta gozatzen, Euskal Herrikoan lortutako hirugarren postuak utzitako aho zapore onaz gozatzen. Azken urteetan lortutako esperientziari esker, fisikoki inoiz baino hobeto dagoela uste du Izagirrek, eta Giroan lehenengo hamar postuetan sartu nahi duela baieztatu du. Movistarreko taldeburua izango da Lobato eta Beñat Intxaustirekin batera, eta gogotsu hartu du ardura.
Zein balorazio egiten duzu aurtengo Euskal Herriko Itzuliaz? Gustura zaude egindako lanarekin?
Balorazio positiboa egiten dut, pertsonalki garaipen bat bezalakoa izan da niretzat podiora igotzea. Azken batean etxeko lasterketa garrantzitsuena da eta podioan egoteak lanean fin jarraitzeko motibazioa ematen dit.
Urtzi Gurrutxaga zenari eskaini zenion garaipena.
Bai, hala da. Nahiz eta garaipenik ez lortu nori eskainiko nion galdetu zidatenean bere izena etorri zitzaidan, gure (anaia eta bion) oso lagun ona zen, eta oraindik gogoan daukagu.
Iruditzen zaizu Nairo Quintana taldeburuari babesa eman beharrik izan ez bazenu emaitza hobeak lortuko zenituela Euskal Herriko itzulian?
Nik ez dut horrela uste. Ibilbide gogor hauetan Purito eta Henao baino gutxiago naiz.
Ongi ibili arren Movistarrek ez du etaparik lortu. Nola baloratzen duzue hori taldean?
Ez dauka garrantzia berezirik. Egia da sailkapen nagusiaren bila etorri garela, baina Purito eta Henao indartsuagoak izan dira azkenean. Guretzat podiuma garaipen bat bezalakoa izan da.
«Antioko maldan segurtasun neurri gehiago jarri behar da, jendea gainera etortzen zen»
«Esperientzia lortzen ari naiz, eta fisikoki aurreko urteetan baino hobeto nago»
«Movistar talde serioa da, eta txirrindulari modura hazten joateko toki ona»
«Giroa eta gero izango dudan egutegia ez dakit, baina Tourrera ez naiz joango»
Euskal Herriko Itzuliko etapetan gero eta gehiago espektakulua bilatzen dela kritikatu dute batzuek, etapa oso gogorrak jarrita. Zer uste duzu?
Azkeneko urte hauetan Euskal Herriko Itzulian mendate oso gogorrak sartu dituzte, eta jendeak hori gustuko du. Baina gauzak ondo egin behar dira. Zumarragako etapan, adibidez, Antioko maldan segurtasun neurri gehiago jarri behar dira. Jendea gainera etortzen zitzaigun, eta hori arriskutsua da txirrindulariontzat.
Aurtengo itzulia Ormaiztegitik ere pasa da. Berezia da horrelako lasterketa batean herritik pasatzea?
Beti da berezia zure etxetik pasatzea, txikitatik ibili izan gara errepide hauetan, eta nostalgia puntu bat sartzen zaizu.
Etapa Goierritik pasata, gehiago nabari dira jendearen animoak?
Egia esan, itzuli guztian zehar animatu naute. Bazter guztietan entzuten nuen nire izena. Zoragarria da jendeak gurekin disfrutatzen duela ikustea.
Itzuliko etapa gustukoena?
Aiako etapa oso polita izan zen, eta azkeneko erlojupekoa ere oso hunkigarria.
Nola ikusten duzu zure burua Italiako Girorako?
Ondo ikusten dut nire burua. Gauzak ongi egiten ari naiz eta, egia esan, gogotsu nago Girorako.
Beñat Intxausti, Lobato eta hiruok izango zarete taldeburuak. Gustura al zaude taldeak zuregan konfiantza jarri duelako?
Bai. Hiru asteko lasterketa batean ardura hartzeko gogoa neukan. Argi dago Lobato etapa garaipenak lortzera joango dela. Beñat eta biok, berriz, sailkapen nagusia lehiatzera joango gara.
Zein da taldearen helburua Girorako? Eta zurea?
Taldeak ez dakit zein helburu izango duen, baina nik argi daukat: lehenengo hamarren artean sailkatu nahi dut, eta horretara joango naiz.
2012an lortu zenuen etapa bat irabaztea. Aurten beste etapa bat irabazteko moduan ikusten duzu zure burua?
Beno, printzipioz sailkapen nagusia daukat helburu, eta bidean etapa bat lortzen badugu ezin hobeto. Baina etapa garaipena ez da lehentasuna.
Berria egunkarian idatzi zenuen: «Iritsi da Izagirretar anaiak oso kontuan hartzeko txirrindulariak garela pentsatzeko garaia». Zure momentu onenean zaudela uste duzu?
Baietz esango nuke, esperientzia lortzen ari naiz eta fisikoki esan daiteke aurreko urteetan baino hobeto nagoela. Hori errepidean erakustea falta da orain.
Nola baloratzen duzu zure ibilbidea profesionaletan debutatu zenuenetik gaur arte?
Gustura nabil. Nire ametsa txiki txikitatik profesionala izatea zen; behin hori lortuta, helburuak aldatzen doaz. Urtez urte hobetzen joaten zara, zure gorputza hobeto ezagutzen zoaz, lasterketetan erosoago ibiltzen…
Zein probatan ikusten duzu ongien zure burua?
Momentuz astebeteko itzulietan ibiltzen naiz gusturaen.
Bigarren denboraldia duzu Movistar taldearekin. Zer moduz aldaketa?
Gustura nabil. Talde serioa da, eta txirrindulari bezala hazten joateko toki ona.
Espainiako txapelduna ere bazara momentu honetan. Nola daramazu? Ohitu al zara dagoeneko titulu hori izatera?
[Barrez]. Pelotoietan errazago ikusteko balio du, behintzat.
Zein egutegi duzu 2015erako? Frantziako Tourrean izango zara?
Momentuz hurrengo lasterketa Asturiaseko itzulia izango dut, Girora joan aurretik. Hortik aurrera izango dudan egutegia ez dakit, baina Tourrera ez naiz joango aurten.