Beasainen, Itsasondon, Legorretan, Ordizian eta Seguran aurkeztu ditu hautagai zerrendak alderdi jeltzaleak datozen udal hauteskundeetan.
Hautagaiak gaur arratsaldeko aurkezpenean.
Markel Olanok eta Joseba Egibarrek aurkeztu dituzte gaur iluntzean Beasaingo Loinazko Plazan, Goierri beheko EAJren alkategaiak. Bost herritan aurkeztu ditu EAJk zerrendak: Beasainen Aitor Aldasoro da zerrendaburua; Itsasondon, Alejandra Iturrioz; Legorretan, Izaskun Zubeldia; Ordizian, Jose Miguel Santamaria; eta Seguran, Mari Karmen Arruabarrena.
Markel Olano Gipuzkoako diputatugaiak esan duenez, “norberak bere burua hauteskundeetara aurkezten duenean, beti uste du aurrekoan baino hobeto egingo duela. Nik benetan uste dut, hemen gauden guztiok, hobeto egingo dugula. Hobeto egingo dugu, aurrekoek hainbat eta hainbat gauza oso gaizki egin dituztelako. Eta hobeto egingo dugu, baita ere, uste dugulako, aurretik guk egindakoa ere hobetzeko gai garela eta autokritika bat egiteko gaitasuna daukagula”.
Beasaingo plazatik, “Beasain, Goierri eta Gipuzkoa aldatzeko” konpromisoa aldarrikatu du Olanok. Hiru ardatz landuko dituela azpimarratu du. Batetik, herritarrekin egotea eta herritarrak entzutea. “Jendea entzunda, jendearekin egonda, hobekuntzak hobeak izango dira. Interlokuzio hori beharrezkoa da. Gestio publikoan aldaketa dakar horrek. Politika egiteko modua aldatu egingo dugu”, gaineratu du beasaindarrak.
Bigarren ardatza, “gauzak konpontzea da, gauzak aurrera ateratzea. Herritarrek dauzkaten beharrak kudeatu behar ditugu. Arlo horretan ere sekulako porrota egin du Bilduk legealdi honetan”. Hainbat adibide jarri ditu Bilduren porrotaren adibidetzat: hondakinen kudeaketaren inguruko porrota, “ez duelako hondakinak kudeatzeko sistema itxi bat jarri”, eta errepideen finantzazioa “Etxegaratetik nazioarteko kamioiak doan pasatzen direlako” eta “Deskarga gutxienez bi urtean ireki gabe” egongo delako.
Olanoren politikaren hirugarren ardatza, “Gipuzkoako gizarte antolatuarekin elkarlana jorratzea” izango da. “Boluntario asko dabil lanean Gipuzkoan, eta altxor hori azken lau urteotan gutxietsia izan da”. Arlo ekonomikoan ere, “Bilduk enpresa munduarekin izandako distantzia” salatu du.
Beasaindarrak garbi du, “politika egiteko modu berriarekin, EAJk konexioa lortuko duela gipuzkoarrekin. Aldaketa hori guk eramango dugu aurrera, jendeak garbi daukalako Bilduren porrota zein tamainakoa izan den eta jendeak garbi daukalako Bilduren aurrean alternatiba bakarra EAJ dela”.