Legazpiko Ahotsak egitasmoaren bideoa aurkeztu dute
Egitasmo hau 2009an jarri zuten abian Burdinola eta Badihardugu elkarteek eta Legazpiko Udalak, ahozko ondarea jasotzeko. “Ziklo historiko bat ixten ari zela eta ondare hori gordetzea komeni zela ikusi genuen”, esan du Burdinolako Jose Luis Ugartek. 32 elkarrizketa egin zituzten. Mari Paz Aranguren izan zen euren bizitzaz eta garai bateko bizimoduaz hitz egiteko prest zeuden herritarrak lortu zituena. Elkarrizketak, berriz, Aitziber Otegik egin zituen. 34 lagun izan ziren elkarrizketatuak: 19 emakumezko eta 15 gizonezko. 740 bideo pasarte grabatu zituzten. 42 ordu guztira. Bideo horiek guztiak ahotsak. eus webgunean daude.
Gaur arratsaldean, berriz, ordu erdiko laburpena aurkeztu dute. Emanaldian zortzi elkarrizketatu egon dira: Antonio Agirre, Felisa Guridi, Isabel Ugarte, Anizeta Gereñu, Markos Madinabeitia, Rosario Aztiria, Julian Zabaleta eta Elvira Olabide. Emanaldiaren ondoren, Kepa Urtzelai alkateak eta Sagrario Etxabe zinegotziak DVDak banatu dizkiete ekitaldian parte hartu duten elkarrizketatuei eta gainontzeko elkarrizketatuen senitartekoei. Bukatzeko, gizarte zentrora joan dira mokadutxoa jatera.