Legazpiko PSE-EEk hautagai zerrenda aurkeztu du
Alkategaia Oscar Valbuena izango da. Ingeniaria da eta PSE-EEren bozeramailea udaletxean. Zerrendan hurrengoak Roberto Alonso, Ascen Gonzalez, Isidro Alvarez, Manuela Hernandez, Angel Alonso, Francisca Caballero, Manuel Panizo, Isabel Antonia Garcia, Margarita Rodriguez, Maria Milagros Gomez, Isaac Galende eta Jose Flores dira.
Aurkezpenean, aurki etxe guztietara programa bidaliko dutela jakinarazi dute. Bertan, Legazpi hobetzeko 50 konpromiso jaso dituzte. Horietako batzuen berri eman dute. Ekonomiari dagokionez, merkatu berriak bilatzeko eta enpresak erakartzeko lan egingo dutela esan dute. Ikerketa eta garapena bultzatu nahi dituzte eta industrialdeak egin Mendiaraz, Elbarrena eta Lekuona-Azkuenean.
Gizarte ongizateari dagokionez, musika eskola Agirre-Etxeberrira joaten denean, musika eskola zaharrean pisu tutelatuak egiteko asmoa azaldu dute. Auzoak zaharberritzeko asmoa ere azaldu dute. Besteak beste, Itxaropen eta Urtatzako oztopo arkitektonikoak kendu nahi dituzte. Gainera, tren geltokia eta Mirandaola, Telleriarte eta Brinkolako sarrerak hobetu nahi dituzte. Kirol instalazioak berritzeko beharra ere aipatu dute.
Ingurumenari dagokionez, uraren kudeaketa hobetu nahi dute. Helburua %10 bakarrik galtzea da. Eraginkortasun energetikoa ere aipatu dute. Baita edukiontzi grisa jarri nahi dutela ere. Kultura, turismo eta gazteria arloko proposamenak aurki aurkeztuko dituztela aurreratu dute.