Loinatz Txirrindulari Elkarteko kidea zen Juarez. Azaroan zendu zen, eta atzo lore sorta bat eman zion elkarteak haren emazteari.
![Joseba Juarezen emazteari lore sorta eta plaka eman zizkioten unea. / Loinatz Txirrindulari Elkartea](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/04/IMG_0008.jpg)
Joseba Juarezen emazteari lore sorta eta plaka eman zizkioten unea. / Loinatz Txirrindulari Elkartea
Beasainen 33. Usurbe Proba jokatu zuten atzo, Loinatz Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Elkarteko kidea zen, hain zuzen, Joseba Juarez ordiziarra. Azaroan zendu zen Juarez, eta atzoko proban omenaldi xumea egin nahi izan zioten txirrindulari elkarteari egindako ekarpenengatik. Lore sorta bat eta esker oneko plaka bat eman zizkioten Juarezen emazteari.
Iñigo Aranguren elkarteko kidearen hitzetan, Juarezek “buru belarri” lan egin zuen elkartean egindako urteetan. Zuzendaritzako kidea ere izan zen ordiziarra duela hiru bat urte. “Berak proposatu eta gauzatu zituen hobekuntza ugari erabiltzen ari gara gaur egun ere”.
Unai Iribar garaile
Guztira 61 lagunek parte hartu zuten atzoko lasterketan. Kadeteentzako proba da Usurbekoa. Unai Iribar izan zen lehen sailkatua, 1.16.15 denborarekin. Hamahiru segundo beranduago iritsi zen helmugara Luken Carbayeda, eta Imanol Isasak lortu zuen hirugarren postua, bigarrenaren denbora berarekin. 50 kilometroko ibilbidea egin zuten txirrindulariek.
![Unai Iribar helmugara sartzen. / Loinatz T.E.](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/04/IMG_0106-300x200.jpg)
Unai Iribar helmugara sartzen. / Loinatz T.E.