San Prudentzio bezperan, zortzi eguneko festaldian lasaitasun handieneko eguna izango da, gaur. Asteroko azoka dago, plazan, goizean goizetik. Haurrentzat tailerrak egingo dituzte: 11:00etan tringili-trongoloa eta jokoak, Lazkao Txiki Zelaian, eta 17:00etan ‘break-dance’ ikastaroa, plazan. 18:00etan, bezperako elizkizunak izango dira San Prudentzio ermitan. 19:00etan buruhandiak irtengo dira kalera, 20:00etan helduen VI. Danborradak zeharkatuko du herrigunea (San Prudentzio auzotik plazara), eta 22:30ean herriko bi taldek kontzertua joko dute: Gauerdi eta Karnero Blanko plazan ariko dira.
Asteburuak denetarako eman du. Larunbateko mozorro festa ikusgarriaren ondotik, atzo euriak mugatu zituen ekitaldi batzuk. Haurren danborrada, esate baterako, kiroldegian sartu behar izan zuten. Eguerdian, ordea, Sant Viçens del Hortseko (Katalunia) casteller-ek ikusmin handia piztu zuten. Sei giza-gaztelu eraiki zituzten, plazan. Bosgarrenean sustoa ere izan zen: bost mailako dorrea behera etorri zen (banakakoa zen). Neskato batek kolpea hartu zuen, eta anbulantzian artatu zuten, larriagorik gabe.
Azken dorrean, plaza zeharkatu zuten casteller-ek. Gailurrean zegoena udaletxeko balkoira igo zuten. Ikurrina eta Kataluniako estelada bandera atera zituzten.
Kataluniako castellerrak, plaza udaletxearekin lotuz, atzo./Aimar Maiz
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.