Urretxuko eta Zaldibiako gaztetxeetan, urteurren festak
Ekainekoak dira Urretxu-Zumarragako eta Zaldibiako gaztetxeak. Urretxukoak hamahiru urte beteko ditu ekainaren 13an eta urtemugaren harira hasiak dira jada ospakizunak. Zaldibiakoak bederatzigarren urtemugaren jaia egingo du etzi goizean goiz hasita.
Urretxu-Zumarragako Gaztelekuaren historia luzeagoa bada ere, Urola trenaren geltoki izandako eraikina berritu eta gaztetxea bertan ireki zutenetik hamahiru urte beteko dira aurten. Gazte Asanbladak gaztetxean biltzen diren taupada ezberdinak uztartu ditu urtemugarako prestatu duten egitarauan. Okupazioarekin hasi dira eta egunotan zenbait jardunaldi egiten ari dira. Larunbatean, ekainak 6, Kalegorrian egitasmoaren aurkezpena egingo dute arratsalde osoan zehar. Kalegorrian jaialdia bihar prentsaurrekoan aurkeztuko badute ere, Gaztelekuan larunbatean emango diote jendarteari egitasmoaren berri. Izan ere, gaztetxeko jendeak jaialdiaren antolaketan parte hartu du.
Kalegorrianeko aurkezpenari Julen Blaká, Antton Iturbe eta Xabier Sagardiaren arteko solasaldiarekin emango diote hasiera, 18:30ean. Ondoren Osofan bakarlariaren kontzertua, eta afaldu bitartean egingo dute egitasmoaren aurkezpena. Amaitzeko kontzertuak egongo dira.
Urteurrenaren egun handia, halere, ekainaren 13an da. Pilota eta pala txapelketen finalak eta bazkaria izango dira, besteak beste.
Zaldibiako ospakizunak, ostiralean Zaldibiako gaztetxearen eguna ostiralean da, etzi. 7:00etako dianarekin labeak piztu, eta tabernetan banatzeko bizkotxoak onduko dituzte gazteek. Arratsaldeko poteo-okarako herriko hainbat gune kolore ezberdinez margotuko dituzte eta gune bakoitzean joko desberdinak egingo dituzte poteoarekin batera. Amaieran, erromako zubia osatuko dute plazan. Gauean kontzertuak izango dira antzokian eta zaldibiar guztiei joateko gonbidapena egin diete.