Iker Zurutuzak eta Itziar Anduezak irabazi dute Marimurumendi maratoia, goierritarren arteko lehia ikusgarrian
Beasainen gaur lehiatu duten I. Marimurumendi Mendi Maratoiaren aurreneko irabazlea Iker Zurutuza da gizonetan, eta Itziar Andueza beasaindarra emakumeetan. Bi txapeldun herritar ditu estreinako maratoiak. Idiazabalen bizi den Zurutuza beasaindarrak lau ordutik aise jaistea lortu du, eta 3:41:36 ordu behar izan ditu maratoi distantzia osatzen, Agorta (Usurbe azpiko lepoa), Kizkitza, Izazpi eta itzulerakoan Arriarandik gora atzera Agorta gaindituta. Goierriko atleten artean jokatu da maratoia. Bigarren postuan Jon Gartziandia Ezkio-Itsason bizi den segurarra helmugaratu da (3:59:44, lau ordutik jaitsi den bakarra, garailearekin batera), eta hirugarren tokian Jon Otermin urretxuarra (4:01:47).
Goizeko bederatzietan 133 korrikalari abiatu dira, Beasaingo Loinazko San Martin plazatik gorantz. 20 gradu zeuden ordurako, eta lasterketa osoan sargoria eta hezetasun handi samarra izan dituzte kontuan hartu beharrekoak. Ibilbidea ere bai, aurreneko aldiz zeharkatu baitute lasterketa batean Usurbe-Mandubia-Kizkitza-Atxurtza-Izazpi kordala.
Zurutuzaren izena zebilen bolo-bolo korrikalarien artean, abiatu aurretik, faboritotzat. Eta ez du hutsik egin. Agortara 29:14an igo da, bigarren zihoan Aitor Duran arabarrari eta Gartziandiari 2:10 ateraz. Une oro kontrolpean izan du diferentzia hori, apurka handituz. Agortatik beherakoan Duran jokoz kanpo geratu da, zaintiratu batengatik —jarraitu ahal izan du—, eta Kizkitzan jada 5 minutukoa zuen aldea Zurutuzak Gartziandiarekiko.
Atzetik, hirugarren posturako lehia bizia izan dute Jon Otermin urretxuarrak eta Joxi Garmendia ordiziarrak hasieran (6. bukatu du), eta Oterminek eta azkenean laugarren izan den Urko Valdivielso bilbotarrak gero. Aipagarria izan da, baita ere, Lake Oiarbide idiazabaldar korrikalariaren lasterketa ere: 7. bukatu du, 4:11 orduan.
Emakumezkoetan, azken unean ezustekoa eman du Itziar Andueza beasaindarrak. Lasterketa burua jada Beasaingo kaleetan zela hartu die aurrea aurkariei. Alde txikiarekin, baina kontrolguneetan Eva Fernandez kantabriarra zetorren denbora onenak ezarriz, Ainhoa Lendinez elgoibartarrekin buruz buruko lehia estuan. Agortako azken pasaeran minutuko aldea zeukan Fernandezek, aurretik. Baina beherakoan irauli da kontua. Anduezak jaitsiera ikusgarria egin du Beasainmenditik, eta Lendinez bera aurreratu du, arazo fisikoekin zihoan eta. Fernandezek ere arazoren bat izan du, eta atzera geratu da. Amaia Intsausti olaberritar beteranoa ere baliatu du Fernandezen ezina, eta podiumera igo da, hirugarren tokian.
Sailkapena (gizonezkoak):
- Iker Zurutuza (Idiazabal). 3:41:36
- Jon Gartziandia (Ezkio-Itsaso). 3:59:44
- Jon Otermin (Urretxu). 4:01:47
- Urko Valdivielso (Bilbo). 4:02:01
- Unai Portuondo (Barakaldo). 4:07:09
- Joxi Garmendia (Ordizia). 4:10:31
- Lake Oiarbide (Idiazabal). 4:11:43
- Antonio Marchordom (Almassora). 4:15:19
- David Crivillers (Granollers). 4:16:56
- Iñigo Estevez (Elorrio). 4:18:56
- Itziar Andueza (Beasain). 4:37:23
- Ainhoa Lendinez (Elgoibar). 4:37:50
- Amaia Intsausti (Olaberria). 4:38:14
- Eva Fernandez (Miengo). 4:39:52