Geltokietako jaiak, bikainak
Eguraldi ona lagun, jende askok parte hartu du ekitaldi guztietan. Jai batzordeko Maite Berasategi «oso pozik» ageri da festek eman dutenarekin eta bertaratu diren guztiei eskerrak eman nahi dizkie. «Partaidetza,
Eguraldi ona lagun, jende askok parte hartu du ekitaldi guztietan. Jai batzordeko Maite Berasategi «oso pozik» ageri da festek eman dutenarekin eta bertaratu diren guztiei eskerrak eman nahi dizkie. «Partaidetza, itzela izan da. Larunbateko jokoetan sekulako giroa egon zen eta kontzertuetan ere jende asko elkartu da», esan du. Larunbateko paella dastaketan 400 lagun baino gehiagok parte hartu zutela azpimarratu du. «Paella hartzeko zain zegoen jendeak osatu zuen ilarak plaza osoari buelta eman zion».
Lehiaketak ere egon ziren. Toka txapelketa Eduardo Alvarez errenteriarrak irabazi zuen. Bigarren Antonio Amundarain tolosarra sailkatu zen eta hirugarren Carlos Irastortza irundarra. Pintxo lehiaketan auzoko bost tabernak parte hartu zuten eta Apain taberna nagusitu zen. Bertako sukaldariak foie eta sagar konpota tostada aurkeztu zuen lehiaketara. Mus txapelketari dagokionez, 44 bikotek parte hartu zuten. Pablo eta Josemi herritarrek irabazi zuten. Olinpiadak ere arrakasta itzela izan zuen. Hamar kuadrillek parte hartu zuten. MDY kuadrilla nagusitu zen.
Ekitaldi hauek guztiak antolatzeko gogor lan egin behar da. Zorionez, geltokietako auzoan Jai batzorde indartsua dute. «Lan taldean 38 lagun gaude. Ni naiz zaharrena. Gainontzeko ia guztiak 25 urtetik beherakoak dira. Asko eta ondo lan egiten dute. Datorren urtean antolaketa hobetuko dugu eta ekitaldi gehiago antolatuko ditugu», aurreratu du Berasategik. Bejondeiela!