Horren handiak dira Beasaingo ultratrailen zenbakiak —Ehunmiliak 166 kilometrorekin, G2H 88rekin—, ezen mendi maratoi bati senide txikia deitzeko tentazioa izan dezakeela norbaitek. Marimurumendi maratoia ez da txikia, inondik inora; gaztea bai, igandean izan zelako lehenbiziko ekitaldia, Beasainen. Eta aurkitu du bere publikoa, lehiakide kopuru mardula eta maila.
Mendi maratoian 131 korrikalari irten dira, tartean 57 goierritar. 122k bukatu dute proba.
Iker Zurutuza beasaindarra —Idiazabalen bizi da— eta Itziar Andueza herkidea dira Marimurumendiren lehenengo irabazleak. Zurutuza aise jaitsi zen lau orduko mugatik (3:41:36 ordu). Plazatik abiatu, Agortaraino 29:14 minutuan igo, eta ordurako lortu zuen abantaila administratuz, semeak lagunduta gurutzatu zuen helmuga.

Iker Zurutuza helmugako marra gurutzatzen./Aimar Maiz
Hiru goierritar podiumean gizonezkoetan, bi emakumezkoetan
Irten aurretik Zurutuza zen faborito. Jon Gartziandiak ezusteko handiagoa eman zien askori. Mendiko lasterketetan parte hartzen urte batzuk badaramatza Ezkio-Itsason bizi den segurarrak, eta aurreneko podium edo postu garrantzitsua lortu du Beasainen. txapeldunorde. 3:59:44 ordurekin, lau ordutik jaitsi zen bakarra izan zen Gartziandia, Zurutuzarekin batera.
Gizonezkoen podiuma Jon Otermin urretxuarrak osatu zuen (4:01:47). Urko Valdivielso bilbotarrarekin dema polita izan zuen azken zatian. Baina, asfalto gaineko korrikalari iaioa izaki, Agoratik behera finkatu zuen Oterminek brontzezko tokia.

Gizonezkoen podiuma: Jon Gartziandia (2.a), Iker Zurutuza (1.a) eta Jon Otermin (3.a), igandean./Loinaz Agirre
Lehia ikusgarria, eta apusturik izan balitz susto handia hartzeko modukoa, emakumezkoen sailkapenean izan zen. Eva Fernandez kantabriarrak markatu zuen denbora partzial onena bideko zortzi kontrolguneetan. Agortako azkeneko pasaeran ere bai. Baina beherakoan, arazo fisikoekin, gelditu beharra izan zuen. Baita atzetik zetorren Ainhoa Lendinezek ere, jada Beasaingo kalean, zaintiratua izanda. Metro gutxirengatik ihes egin zion txapelak.
Aurrekoen ezina Itziar Andueza beasaindarrak baliatu zuen (4:37:23). Pozik sartu zen helmugara, azken metroetan Lendinez gaindituta (2:31ra). Amaia Intsausti olaberritar beteranoa izan da hirugarren (4.38:14).
Ibilbide berrian, gustura
Goi mailako lasterketetan ibilbidea ere estreinakoz erabili dute. «Gezurra dirudien arren, jaiotzez beasaindarra naizelako, ez nuen ezagutzen. Entrenatzera ere etorri gabe nengoen hona. Erreferentziak banituen, desnibela eta punturik zailenak ere bai. Banekien ia dena korrika egitekoa dela. Ibilbide polita da, nire baldintzentzat gustukoa», zioen Iker Zurutuza garaileak.
Usurbera iristerako, bakarrik zen, buruan. «Nire erritmoan joan zalea naiz. Hala abiatu, eta bakarrik gelditu naiz. Gero, minutu batzuen aldea neukala jakinda, gordetzen aritu naiz, bukaerara ondo iristeko. Hala ere, dena eman dut». Alderik handiena helmugan atera dio bigarrenari, 18:08 minutu.
Duela hiru urte hil zitzaien aitari eskaini dio Zurutuzak garaipena.
Anduezak ere «lasterketa azkarra eta oso-oso polita» izan dela aitortu du. «Korrika egiteko primeran zegoen. Nik jaitsiera ona egin dut, eta aurretik zihoazenek arazo fisikoak izan dituzte», azaldu du sailkapenaren iraultza. Sargori puntua zegoen.

Jon Gartziandia txapeldunordea (1045 dortsala) eta atzean Jon Otermin hirugarrena, irteeran./Aimar Maiz
Gartziandia ere oso pozik zen, helmugan. Azken urteko garapena eta prestakuntza aldaketa nabaritu ditu: «Azkoitiko lehengusu batekin eta bere lantaldearekin hasi naiz, Sasoikon, eta aurrerapena nabaritu dugu. Asko ikasten ari naiz». Duela lau urte hil zen semeari eskaini dio lorpena —haren izena zeraman elastikoan—, «eta andreari eta umeei. Karrera askotara etortzen dira, eta eskertzen da babes hori».