Larrañaga iazko txapelduna, Mugertza, Olasagasti eta Otaegi izango ditu aurkari. Finala Mendaron da, 18:00etan

Iñaki Azurmendi arriarandar aizkolaria.
Iñaki Azurmendi arriarandar aizkolariak Gipuzkoako 1. Mailako Aizkolari Txapelketaren finala jokatuko du igandean, hilak 26, Mendaron. Aurreko bi urteetan bezalaxe, Goiñati pilotalekuan izango da aizkora saioa, 18:00etan hasita. Iazko finaleko bost aizkolaritatik lau ariko dira nor baino nor: Mikel Larrañaga, Jose Mari Olasagasti, Joseba Otaegi eta Azurmendi bera. Bosgarren aizkolaria Ugaitz Mugertza izango da –iaz Unai Otaño izan zen–. Egin beharreko lana, honakoa da:
54 ontzako lau enbor, 60 ontzako beste horrenbeste eta 72 ontzako bi.
Gipuzkoako bosgarren txapela lortu nahi du Azurmendik igandean.
Lautan izan da irabazle (2003, 2008, 2010 eta 2013an), eta beste bostetan azpitxapeldun (2002, 2004, 2007, 2009 eta 2012an). «Gorputzaldi aldetik bete samar nago, erakustaldi asko egin ditut azken hilabetean. Aurreko astean bost izan nituen, eta entrenatzeko aukera handirik ez dut izan. Gainontzean ondo nago, lesio aldetik-eta aitzakiarik ez. Irabazten saiatuko gara behintzat, lan ona egiteko moduan nagoela uste dut». Iaz hirugarren sailkatu zen, Larrañaga eta Olasagastiren atzetik.
«Iaz ez nintzen baldintza onetan joan, zuntz haustura batekin jokatu nuen finala. Otañok utzi egin behar izan zuen, eta beste biek ere ez zuten haien maila eman. «Larrañagarena ezustekoa ere izan, bigarren mailatik baitzetorren. Aurten ere iazko tankeran dagoela esan didate».
Final «irekia» izango dela uste du arriarandarrak.
Urteagak eta Zalduak ezin
Gipuzkoako 2. Mailako Txapelketan, berriz, bi goierritar aritu dira lehian: Aitor Urteaga idiazabaldarra eta Xabier Zaldua zumarragatarra. Biak ala biak finaletik kanpo geratu ziren, ekain bukaeran Orion eta Aian jokatu ziren bi kanporaketetan laugarren postuan sailkatuta.
Igor Esnaola segan eta trontzan ariko da egun berean
Igor Esnaola legorretarrak bete-beteko igandea izango du. Goizean, 11:30ean hasita, Euskal Herriko Sega Txapelketaren finalera sailkatzeko kanporaketa jokatuko du Aian, Aristerrazuko belardian. Bazkaldu eta gero, berriz, Elizondora joango da, Euskal Herriko Trontza Txapelketaren finala baitu Iriarte frontoian, 19:00etan.
Esnaola Gipuzkoako sega txapelduna izan da azken hiru urteetan, eta azken bietan baita Euskal Herrikoa ere. Iban Pardo, Jesus Mari Ormaetxea Urki eta Andoni Urrutia izango ditu aurkari kanporaketan, eta lehen biak finalera sailkatuko dira. Bigarren kanporaketa 12:30ean jokatuko da.
Trontzan Santi Aizpurua zizurkildarra izango du bikote. Iaz aritu ziren aurrenekoz elkarrekin, eta hirugarren sailkatu ziren. Aitor anaiarekin hirutan jantzia du txapela.