Bukatu dira Itsasondon haurrentzako eta gazteentzako udako ekintzak
Aurten 3 eta 10 urte bitarteko 23 haur aritu dira udako aisialdi taldean, hiru begiraleren laguntzarekin, baina uztaila bukaerara iritsita, udalekuak ere iritsi dira amaierara. Ekitza ugari egin dituzte aurten, Itturri Txikik eta udalak antolatutako udako asialdi garaian.
Itsasondoko Udaletik esan dutenez, ekintza “bereziak” izan dira, “haurren parte hartzea sustatu nahi izan baita”. Hori dela eta, “aurtengo asialdi garaiko programazioa haurrek egindakoa izan da, eta ebaluaketa bat ere egin dute, ondo atera dena eta hain ondo atera ez dena baloratzeko”. Inkesta bidez, datorren urterako proposamenak ere egin dituzte gazteek.
Aisialdi garaiaz gain, iraleko herriko festetara begira ere jarri dira haur udalekuetan. Izan ere, festetako dantza lehiaketa abiarazi dute, eta txapelketako oinarriak udalekuetan bertan finkatu dituzte. Horrekin batera, festetan herrira nolako puzgarriak ekarri nahi dituzten ere erabaki dute bozketa bidez.
Nerabeen gaztelekua ere martxan
Karreape gaztelekuko gazteak ere ez dira geldirik egon uztailean zehar. Karretara irteera egin dute, patata tortilla lehiaketa, bazkaria, festetako ekintzen antolaketan parte hartu dute… eta Segurako eta Zegamako gazteekin batera Sobronera irteera ere egin dute.
Haurrekin bezala, aurten udalaren helburua nerabeen parte hartzea sustatzea izan da helburua, eta horregatik, gazteek ere euren gustura antolatu dute udako programazioa. Eta umeek egin bezala, gazteek ere ardura bereziak izan dituzte herriko jaietako ekintzen antolaketan. Hain zuzen ere, festetako ostiralean toka lehiaketa antolatuko dute eta baita Beitiko igoera ere.
Oporren ondoren, iralean jarriko dute berriz martxan Karreape gaztelekua.