Ataundarrak Donostiako Zinemaldira joango dira, asteartean
Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere Herri Antzokiak eta Ataungo Udalak irteera antolatu dute Donostiako Zinemaldira. Asteartean joango dira, irailaren 22an. Autobusa 14:30ean irtengo da, San Martindik. Izena lehenbailehen ematea komeni da, udaletxera hots eginda (943 18 00 11) edo Herri Antzokira idatzita (herriantzokia@gmail.com). Tokiak eta sarrerak kontatuak dira, eta izena emandako ordena errespetatuko dute, bete arte. 18 urtetik beherakoek, arduradun baten pean edo gurasoen idatzizko baimenarekin joan beharko dute.
Donostian bi film ikusiko dituzte. Lehenik, Amama euskal herritarra. Sail ofizialean lehiatuko da, euskarazko pelikula. Victoria Eugenia antzokian da emanaldia, 16:00etan.
Ondoren, Kursaal 2 aretoan, Jajda/Thirst filma ikusiko dute, 19:00etan. Zuzendari Berriak sailekoa da.
Irteeraren prezioa (autobusa eta bi filmen sarrerak barne) 15 euro da.