Legazpiko BTT trabesia herrikoia egingo dute igandean, seigarren urtez
Asteburu honetan BTT trabesia herrikoiaren 6. edizioa egingo dute Legazpin. Telleriarte txirrindulari elkarteak antolatzen du proba hau, eta azken urteetako formatu bera izango du. Herrigunean hasi eta bukatuko da, eta Aizkorriko magalean barrena egingo dute ibilbidea. Izena emateko mahaia 08:30ean jarriko dute, Euskal Herria plazan. Bertatik abiatuko da lasterketa, 09:30ean.
Ibilbideari dagokionean, plazatik abaituta Atagoiti, Aztiria, Oazurtza (hamaiketakoa) eta Pikanditik barrena joango dira, atzera Brinkolatik herrigunera bueltatzeko. Telleriarte elkarteko Enrike Bizkaik azaldu duenez, azken metroetan aldaketatxo bat egin diote ibilbideari, Mirandaolan dabilen jendeari oztoporik ez egiteko. Bukaeran jatekoa eta edatekoa, dutxak eta oparien zozketa izango dira.