Leiva: «Errefuxiatuek hango larriak ukitzen gaituela ikustarazi digute»
2011n Udaberri Arabiarra Siriara iritsi zenean Leiva (Badalona, Katalunia, 1978) Damascon zegoen. Europara iristen ari den errefuxiatu uholdearen harira, egoera ulertzeko hainbat giltza eman ditu. Batik bat, gatazkaren sustraietara jo
2011n Udaberri Arabiarra Siriara iritsi zenean Leiva (Badalona, Katalunia, 1978) Damascon zegoen. Europara iristen ari den errefuxiatu uholdearen harira, egoera ulertzeko hainbat giltza eman ditu. Batik bat, gatazkaren sustraietara jo du Leivak.
Siriatik Ara zein El Pais egunkarietarako eta Ser irratirako kronikak egin zenituen 2011ko udaberrian. Zeintzuk dira horrenbeste errefuxiatu Europara ekartzen ari dituen gatazkaren sustraiak?
Ekialde Hurbilean gertatzen ari dena Lehenengo Mundu Gerrako azken bataila da. Alemaniak gerra galdu zuen eta hark babestutako Otomandar Inperioa erori egin zen. Zer egin Ekialde Hurbilean geratutako espazio horrekin? Siria, Libano, Jordania, Irak… Gerra amaitu aurretik Frantziak eta Britainia Handiak sekretuan hitzarmen bat sinatu zuten eta lurralde haiek nola banatu adostu zuten.
Gakoa da ez zutela nahi Sobiet Batasuna lurralde haien jabe egin zedin. Finean, Indietako Bidearen pasabidea izanda, merkataritzarako berebiziko garrantzi geoestrategikoa jokoan zegoen.
Lurraldeen banaketa hori nola gauzatu zen?
Protektoratuak ezarri zituzten. Aliatuek arabiarren –desertuko tribu nomadak ziren, saudiak, Irakeraino iristen zirenak– laguntza izan zuten inperio turkiarra gailentzerakoan eta, trukean, erreinuak eman zizkieten. Siria, Jordania eta Irak horren adibide dira.
Siriari dagokionez, erregetzek ez zuten asko iraun, eta estatu kolpe nahiz kontra estatu kolpeak nagusitu ziren 1971n Hafed Al-Assad, egungo Baxar Al-Assad-en aita, boterera iritsi zen arte. Orduan, nolabaiteko egonkortasun bat erdietsi zuten erregimen autoritario tinko baten ezarpenaren truke.
Al-Assad familiaren erregimenaren zutabeak zeintzuk izan dira?
Erregimenak konfiantza zirkuluak izan ditu oinarri: armada, polizia eta izugarrizko beldurra hedatu duen Mukhabarat polizia sekretua. Siriako erregimena klan batek osatua da, Baxar Al-Assad egun ikusten dugun aurpegia da, baina atzean pribilegio handiekin bizi den zirkulu hori dauka.
Armadaz gain erregimena babestu dute oligarkiak, burokrazia aparatuak, goi mailako klase ertainak eta erlijioari lotutako gutxiengo gehienek; hala nola, kristauak, drusoak eta alauitak –Al-Assad familia sekta xiita honetakoa da–.
Erregimenaren errepresioaren mugarri Hama-n –Siriaren erdian dago Homs hiritik 50 kilometrora eta Alepo hiritik 150 batera– gertatutakoa izan zen. 1982an Anaia Musulmanen iraultza bati emandako erantzunak zenbat hildako utzi zituen ez dago jakiterik. Han ez dute sarraskia ahaztu.
Nolakoa izan da Siria erregimen horren agintepean?
Siriak Iranen antza dauka. Urteetan egunerokoa nahikoa segurtasunarekin antolatu dute siriarrek. Alegia, palestinarrek egunero esaten diete agur euren seme-alabei berriz ikusiko ote dituzten ez dakitelako; siriarrek halako desegonkortasunik ez dute bizi izan urte luzeetan. Erregimenak, aitzitik, gutxi batzuen pribilegioak lehenetsi dituen bitartean asko eta asko gizartearen ertzean geratu dira. Pribilegiodunen seme-alabek aukerak zituzten, besteek ez.
Beldurraren mamua, bestetik, oso hedatuta egon da. Siriarrek, palestinarrak edo libanoarrak ez bezala, ez zuten politikaz hitz egiten; mesfidantza handia zegoen ez baitzekiten aurrean zuten hori benetan nor zen edota nor egon zitekeen entzuten. Polizia sekretuak izu hori ondo asko zabaldu zuen.
Ekonomikoki nola zegoen?
Erregimen ustela zen eta burokrazia aparatuaren pisua handiegia zen. Udaberri arabiarraren atarian, erregimena protekzionismotik urrundu zen eta neurri liberalak martxan jarri zituen. Batik bat, Indietako Bide horren pasabide izaera horri etekina ateratzeko eta, bide batez, Banku Mundialak ematen zituen laguntzak jasotzeko.
Aldi berean, Siriako ipar-ekialdeko Yazira izeneko nekazari lurraldea lehorte latz batek jota egon zen lau urtez eta hangoek, jatekorik ez zutenez, hegoaldera egin zuten eta orduz geroztik lekualdatuen eremuetan bizi izan dira. Ez da kasualitatea gerora ISISekoak Yazirako lurralde despopulatuetan gotortu izana.
Eta udaberri arabiarra iritsi zen Siriara… Zu han zeunden.
Siriaren kasuan, Daraa hirian [hego mendebaldean dago, Jordaniako mugatik hurbil] pintada batzuk agertu ziren. Polizia sekretua ikastetxeetara joan zen eta haurrak idazten jarri zituen. Letra motak eta pintadak alderatu ondoren, hainbat ume eraman zituzten. Daraa erregimenetik hurbil zegoen hiria zen, tribuetako nagusiek agintzen zuten, baina Mukhabarat-ak haien umeak eraman zituen. «Non daude gure haurrak?», galdetu zuten, umeak polizia etxetik mingainik eta azazkalik gabe atera ziren arte.
Polizia sekretuak inpunitate osoz jokatzeko ohitura izan du eta, hala denean, berandu baino lehen norbaitek marra pasatzen du. Aurretik ere halakoak gertatzen ziren arren, Daraa-ko gertakizunek suarentzat poxpolo izan ziren eta siriarrak kalera ateratzeko adorea aurkitu zuten. Ezer gutxi galtzekorik ez dute askok. Hango gaztediaren zati bat heriotzarekin maiteminduta dago, baina hilezkorrak direla uste dute. Aldaketa bat nahi, eta kalera ateratzen hasi ziren. Ordura arte erregimenaren pribilegioen burbuilan bizi izan zirenei adabakiak erori zitzaien. Sarraskien irudiak ikusi, eta txundituta galdetzen zuten eta hori “etxean” gertatzen ari zen; ezin zuten sinistu. Orduan, erregimenaren muntroa aurrez aurre ikusi zuten.
Ondoren, erregimenaren errepresioa…
Itzela. Guztia sekretuan bezala egiten zuten, ikasleak eramaten zituzten kanpusetatik, torturatu egiten zituzten, errepideetan askatzen zituzten, baina dena isilean eta ezkutuan. Hiru baino pertsona gehiago elkartzeko debekua ezarri zen eta futbolean ere ezin zen jokatu. Elkartzeko aukera bakarra ostiraleko otoitzak ziren eta gauzak gertatzen hasi ziren. Lehenengo sei hilabeteetan manifestazio baketsuak egin zituzten eta errepresioak hildako asko utzi zituen. Hala ere, kalera ateratzen jarraitu zuten.
Ni han nengoen eta izua sentitu nuen inoiz ez bezala, bertakoek bezala atzera begira ibiltzen nintzen kaletik.
Gerora Al-Assad-en armadan hausturaren bat sortu zen eta ISISekoak ere eszenan sartu ziren.
Haustura horretatik jaio zen Free Syrian Army-a. Soldadu bat hil zuten eta ni hiletara joan nintzen nork hil zuen ikertzeko. Itxura guztien arabera beste soldaduek fusilatu zuten. Ejerzitoaren maila erdiko eta beheko soldaduek sortu zuten Free Syrian Army-a, baina laguntza gutxi izan zuten; boluntarioak zituzten eta armamentu urria zein zaharkitua zuten.
Bien bitartean, Libiatik ISISa sartu zen Yaziran. Sekulako armak dituzte; modernoak, Europar eta Ipar Amerikar zigiluekin. Mertzenarioak dira, musulmanak erailtzen dituzte eta suniek hanka egiten dute; suniek ez badituzte ISISekoak geratzen ez ditu inor geratuko. Berdinen arteko gerra bat da. Gaur-gaurkoz kontra egiten dieten bakarrak kurduak dira.
Soldaduaren hiletari lotutako pasadizo bat baduzu. Kontatuko zenuke?
Hiletara joan nintzenean Damascoko auzo ultrakontserbadore batean hartu nuen ostatu. Emakume familia batek hartu ninduen. Suniak denak, etxeko andrazko guztiek nicab-a erabiltzen zuten [nicab-ak begiak baino ez ditu bistan uzten, beloaren osagarria da, ez da burka bat] eta oso kontserbadoreak ziren. Edonola ere, amonak oihalgintza enpresa bat zuen eta dibortziatutako alabarekin eta haren hiru alabekin bizi zen. Islamisten etorreraren beldur zen, oso kontserbadorea izanda ere, emakume gisa zuten bizimodua arriskuan zegoelako. Ez dakit orain non egongo diren eta zenbateraino aldatuko zen euren bizimodua.
Kurduak aipatu dituzu eta beren estatua lortuko dutela diozu.
Turkiarrak armada mugitzen ari dira. Nik uste mendebaldeak estatu kurdua onartu behar duela Sirian, Turkian eta Iraken duen lurraldeetan. Turkian 20 milioi kurdu bizi dira eta gerra zibil bat onartzen du edota bere lurraldearen zati baten galdera onartzen du. Tentsio asko dago Turkia barruan. Populazioaren mugimendu handiko lurraldeak dira. Libanok bere populazio bikoiztu du errefuxiatuekin eta kolapso egoeran dago. Orain bi egun libanoar lagun batekin hitz egin nuen eta amore eman duela dio, badoa Libanotik; egunotan Beiruten eraikinetako bigarren solairura arte iristen da zaborra eta argindarra hiru orduz dute txandaka, hiru ordu bai eta hiru ordu ez. Ez du jada jendean sinisten, jendea gaiztotu dela dio.
Eta errefuxiatuak iristen…
Errefuxiatu uholdea ez da geratuko. Orain, Europa gerra fronte bilakatu da. Siria gertu dago, oinez etorri daitezke. Korridore bat ireki da, mugarik ez dago eta beraiek bizitza hobe bat nahi dute. Sekulako dramatik datoz denak. Hondamenditik ihes eginda ere, bizi izandakoaren mina bidelagun izango dute betirako. Nago gatazka honek luze iraungo duela.
Eta Europa aho zabalik…
Hungarian janaria botako diete baina datozen tokian egoera okerragoa da. Europan bizitzak beste balio bat du eta giza eskubideak errespetatzen direnaren itxura, behintzat, egiten da.
Errefuxiatuek larrialdi egoeraren zentzua ekarri dute; hango larriak ukitzen gaituela erakutsi digute. Zerbait egin beharra dagoenaren sentipena errefuxiatuek ekarri dute. Iritzi publikoak hau geratzea nahi du. Interbentzio militarra eskatzen ari dira Sirian, nik ez dakit hangoentzat zer den hoberena.
Aurrera begira gatazkak luze iraungo duela diozu.
Estatu bakoitzak bakoitzaren interesak zaintzen ditu, hori da nazioarteko politikaren oinarria. Munduko estatu guztiak egoera basatian daude. Ez dago haien gainetik dagoen erakunderik, NBEa hor dago, baina ez dauka botererik, Palestinaren egoera horren isla da. Estatuek elkar jaten dute eta indartsuenak irabazten du.
Gizaki bakoitzaren barruan bakearen erroa sustraitzen ez den bitartean ez da ezer aldatuko. Edonola ere, nik uste zerbait aldatzen ari dela eta gizakia ezberdin pentsatzen hasia dela. Naturak gure muturraren aurrean jartzen digu, kolapsoaren atarian gaude; beharbada, kolapso horretatik aterako da zerbait berria. Mundu globalizatu batean guztiak ukitzen gaitu. Brasileko Le Monde Diplomatique-ren azalean honakoa idatzi zuten: Europa gerran dago. Eta, bai, Europa gerran dago.