CAF-en Oaris abiadura handiko trena ezagutzera etorri dira Erresuma Batutik
Beasaingo enpresak presentzia handia du herrialde horretako tren sarean
CAF Erresuma Batuan
CAF enpresak presentzia handia du Erresuma Batuko tren sarean. 90eko hamarkadan, Northern Spirit linearako eta aireportua Londres hiriarekin lotzen duen Heathrow Express konexiorako unitateak hornitu zituen. Gerora, NIR enpresarentzat (Ipar Irlandako trenak) trenak egin ditu eta mantentze-lanak ere egin izan ditu. Edinburgh eta Birmingham hirietarako tranbien hornikuntzaz ere arduratu da. Aurten, 200 milioi euroko kontratua sinatu du Glasgow-Edinburgh arteko zerbitzua egiten duen Caledonian Sleeper lineako kotxeak hornitzeko; 2018an entregatuko ditu. Gainera, Londreseko metroko lehiaketarako aurrekalifikazioa lortu duen enpresetako bat da.Horretaz gain, operadore ugarirentzako lehiaketatan parte hartzen ari da herrialde hartan CAF, eta urtearen amaiera baino lehen abiaraziko den beste proiektu batean parte hartzeko interesa azaldu du enpesa beasaindarrak: Londres eta Birmingham hiriak lotuko dituen abiadura handiko proiektuan (HS2), alegia. Lanen lehen fasea 2017an hasiko litzateke, eta bigarren fasean, ipar-mendebaldera luzatuko dute linea(Manchester eta Leeds). Europan hurrengo urteotarako aurreikusitako azpiegitura-proiektu handienetako bat da.