Ampo Ordizia eta Santboianaren arteko partidako irudia, igandean. Argazkia: Ainhoa Muriel
Aurreneko jardunaldiko garaipenaren ondoren, bazegoen ikusmina Ampo Ordizia etxean jokatzen ikusteko. Joko sistema berriak eta berregituratutako taldeak, lehen proba gainditu bazuten ere, pisuzko talde bat, Santboiana zuten bisitari igandean. Etxekoek estu hartu zuten talde katalana lehen zatian, baina Santboik gain hartu zien ordiziarrei, bigarren zatian partidaren jaun eta jabe eginez.
Lehen minutuetan bi taldeen arteko lehia bizia izan zen; bi zigor kolperekin 0-6 aurretik jarri ziren bisitariak, baina etxkoek erreakzionatu eta 10-6 aurretik jarri ziren, Dani Aizpunen egindako entsegu bati eta Rustek bi makilen artera bidalitako jaurtiketa banari esker. Lehen zatia bukatzerako, Hector Garciak eta Nil Barok kataluniarren aldera jarri zuten berriz ere balantza (10-23). Bigarren zatian, “zentzu guztietan nagusi” izan zen Santboiana, eta Nil Barok eta Ruben Sanzek egindako entsegu banarekin, 10-37ko azken emaitza jarri zuten markagailuan.
Emaitza kaxkarra izan arren, Ampok “defentsan lan ona” egin duela azaldu du klubak, nahiz eta egindako akats apurrak Santboianakoek ondo aprobetxatu. Entrenatzaileak beste behin ere etxekoen aldeko apustua egin zuen, eta 20 minuturen faltan, aldaketa guztiak eginda zituen. Klubak azaldu duenez, porrot honek “ezin du jokalarien animoan eragin”, izan ere, datorren astean Alcobendasen kontra jokatu behar dute.