Lazkaoko IV. Basherri egunean, herriko baserrietako abere, barazki, jaki eta bestelako aberastasunak ikusi eta erosi ahal izan ziren. Plazako pilotalekuko postuetan hainbat produktu erakutsi zituzten. Baratzearen onena, ardi gaztak, txerrikia, esnekiak… Huts-hutsean saltzeaz gain, landutako aho gozagarriak ere eraman zituzten. Adibidez, Iztueta Garakoek babarruna-krema eskaini zuten, piperminekin. Edo, gaztagileek ogiarekin gazta pusketa bat zeukaten; edo etxeko txahal haragiz egindako hanburgesak; edo Iztueta Beheko esnearekin haurrek bertan prestatzeko irabiakiak…
Ikastola aldeko plazatxoan kokatu zuten abere erakusketa. Behi, behor, ahuntz, ardi, oilo, asto… Egun gutxiko bi txahal jaioberri ere bazeuden.
Bien bitartean, Enparandegi baserrikoek antzina arropa nola garbitzen zuten erakutsi zuten, lixiba frontoian bertan eginez: ura irakin, tinan arropari bota, hautsa nahastu, iragazi eta eseki. Ikusmin handia piztu zuen ekimenak, eta galdera askori erantzun behar izan zieten.
Iker Markinez sukaldariak prestatutako pintxoa ere dastatu ahal izan zen, Oiharteko sagardoak lagunduta. Arroz, barazki eta okel risottoa prestatu zuten.
Feriako produktuekin osatutako bi saski zozkatu zituzten, bestetik, erosleen artean. Bat 1076 zenbakidunarentzat izan da, Zegama aldera eraman dutena. Beste saskia 1514 zenbakia duenak jasoko du; ez zen jabea azaldu, eta bihar arte (asteartea, irailak 29) Lazkaoko udaletxean edukiko dute.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.