Felix eta Jon, mus txapelketako irabazleak. / Arg.: Aitor Zuriarrain
Idiazabalgo Urtsuaran auzoan San Migel festak izan dituzte asteburuan. Ostiral iluntzean mus txapelketa jokatu zuten, eta 34 bikotek parte hartu zuten.
Felix eta Jon izan ziren irabazleak, Alex eta Abdul bigarren, eta Julian eta Juan hirugarren.
Larunbatean, berriz,
Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizunaz gozatu zuten haurrek. Aitor Zuriarrain antolatzailearen esanetan, “ume mordoxka bildu zen ikustera eta jolastera”.
Aizkora eta harri jasotze erakustaldiak
Atzo amaitu ziren jaiak, herri kirol erakustaldiarekin. Aitor Urteaga eta Joxe Ugarteburu aritu ziren aizkoran, Xabier Dorronsoren eta Julen Kañabaresen aurka. Zazpi enbor ebaki zituen bikote bakoitzak, txanda librean.
Urteagak eta Ugarteburuk 20 minutu eta 28 segundotan amaitu zuten lana. Dorronsorok eta Kañabaresek 28 segundo gehiago behar izan zituzten.
Harri jasotzen, bestalde,
Aimar Galarraga aritu zen. Bost aldiz jaso zuen 163 kiloko harri errektangularra. Ondoren, bi minutuan hamasei jasoaldi eman zizkion 100 kiloko zilindroari.