Zuhaizti adinekoen egoitzak ikasturte berria aurkeztu du, 'Aktiba zaitez' lemapean
Bizimodu aktiboa eraman eta parte hartzea. Hori da Ordiziako Zuhaizti adinekoen egoitzan lortu nahi dutena. Helburu horrekin aurkeztu dute, Aktiba zaitez lemapean, hasi berria den 2015-16 ikasturterako eskaintza. 25 ikastaro eta tailer, hitzaldi zikloak, ibilaldiak, irteerak eta jaialdiak daude, besteak beste, datozen hilabeteetako egitarauan.
Kristina Altuna Ordiziako Udaleko gizarte heziketa eta berdintasunerako teknikariak azaldu duenez, «Aktiba zaitez jarrera pertsonal bat da, gizartean parte hartu eta protagonista izateko modu bat». Hala, norberak bere «alternatiba aukeratu dezake, norbere gustuen eta beharren arabera». Zentzu horretan, Ordizian «egitasmo aukera zabala» dagoela azpimarratu du.
Ordizian dauden errekurtso edo baliabide guztiak autogestionatuak direla ere nabarmendu du Altunak, eta hori «oso garrantzitsua» dela, aktibitate horien inguruko «iritzia eman eta hobetzeko aukera» ematen baitu. Zuhaizti egoitzaz gain, Nagusilan, Gueske edota Goazen Ordizia ekimena aipatu ditu baliabide horien artean.