Bihar amaituko da udako argazki lehiaketan parte hartzeko epea
Goierriko Hitzak eta Fotoetxe argazki dendak antolatutako X.Udako Argazki Lehiaketara irudiak bidaltzeko azken eguna bihar izango da. Dagoeneko asko izan zarete zuen argazkiak bidali dituzuen harpideak, eta beste urte batez argazki sorta ederra osatu dugu. Baina oraindik badago bilduma hori loditzeko aukera.
Lehiaketan parte hartzeko nahikoa da zure argazkia goierri@hitza.eus helbidera bidaltzea, zure datuak adierazita: izen-abizenak, harpide kodea, telefono zenbaki bat, herria eta argazkiaren izenburua. Argazkiak inon publikatu gabekoak eta beste lehiaketa batean saritu gabeak izan beharko dira.
Hiru sari egongo dira
Fotoetxe argazki dendak bi sari emango ditu lehiaketan parte hartzen duzuen harpideen artean. Lehen sariaren irabazleak norberaren argazki bat 100×100 tamainan eta metakrilatoan inprimatzeko aukera izango du, eta bigarren saria irabazten duenak tamaina berean baina oihalean inprimatu ahalko du norberaren argazki bat.
Goierriko Hitzako lantaldeak aukeratzen duen argazkiaren egileak Erratzuko (Nafarroa) Kastonea nekazal etxean egonaldia jasoko du sari gisa. Horrez gain, Beasaingo Artzaienea jatetxean otordua ere bai eta argazkia 2016rako Goierriko Hitzak argitaratuko duen egutegian argitaratuko da.
Botoa emateko garaia
Lehiaketan parte hartzeko epeaz gain, bidali dituzten argazki guztien artean gustukoena aukeratzeko epea ere bihar amaituko da. Hala, boto gehien jasotzen dizuten sei argazkilarien jabeek argazki handitze bat jasoko dute opari.