Haurren probak 15:00etan hasiko dira eta helduena 16:00etan.
Goio Mujikak etxean hartuko du parte.
Urriko lehenengo larunbatarekin batera jokatuko da Arriarango 7. mendi duatloia. Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituaren barruko bosgarren proba da Intxaurpe elkarteak eta Trigoi Goierriko triatloi taldeak antolatutakoa. Kirolaren aitzakian, auzora jendea erakarri eta auzoari bizia eman nahi diote arriarandarrek. Aurreko asteetan, auzolanean txukundu dute ibilbidea eta auzogunea. Larunbat arratsaldean adin desberdinetako kirolariak elkartuko dira Arriaranen.
Txikienen probak 15:00etan hasiko dira. 2008 eta 2002 urte bitartean jaiotako haurrek eta gaztetxoek neurri desberdinetako ibilbideak osatu beharko dituzte txirrinduz eta korrika.
Helduen proba 16:00etan hasiko da. Aurten berrikuntza bat izango dugu gainera: eguraldi txarraren ondorioz, azkeneko edizioetako zirkuituko aldapa arriskutsua kentzeko helburuz,a lehenengo bi ediziotako ibilbide bera egingo dute. Neurri horrekin, kirolarien segurtasuna bermatzea izan da antolatzaileen helburua. Lasterketaren amaieran, kirolariei iritzia eskatuko diete antolatzaileek, zein ibilbide duten gogokoago galdetzeko.
Hiru sektoretan banatuko dute lasterketa: lehenengo sektorean 6 kilometro egin beharko dituzte korrika; bigarren sektorean 14 km bizikletan; eta hirugarren sektorearekin bukatzeko, 2 km egin beharko dituzte korrika.
Kamiseta eta poltsa
Parte hartzen duten kirolari guztiei kamiseta eta poltsa bana emango dizkie. Helduek dena den, hainbat produktuz osatutako poltsa bana ere jasoko dute eta beste hainbat sariren zozketetan ere parte hartuko dute. Julen Larruzea eta Meritxel Henales dira behin-behineko sailkapen orokorraren buru. Larruzea Arriaranen izango da larunbatean. 100 kirolari ingururen partaidetza aurreikusten dute antolatzaileek.