Hilaren 9an Bankoa-DV txapelketako partidak jokatuko dituzte Legazpin
Aurten ere, zortzigarren urtez jarraian, Bankoa-DV afizionatu mailako pilota txapelketako partidak jokatuko dira Legazpin. Pilota jaialdia hilaren 9an izango da, 22:00etan, Urbeltz pilotalekuan. Gazte mailan, Salaberria eta Martija nafarrek Alberdi azpeitiarraren eta Aranguren aginagarraren aurka arituko dira. Martijak 2013ko txapelketa irabazi zuen, Jokin Altunarekin. Nagusien mailan, Urretabizkaia ikaztegietarra eta Erasun zizurkildarra, Laso eta Lasa nafarren aurka arituko dira. Lasok 2014ko txapelketa irabazi zuen eta Adur Lasa Oskar Lasaren iloba da. Sarrera doan izango da eta herriko pilota eskolaren aldeko zozketa bat egingo dute.
Bankoa-DV txapelketa afizionatu mailako garrantzitsuenetakoa da. 64 pilotari onenek parte hartzen dute. Txapelketa hau irabazi duten asko profesional mailara pasa dira: Irribarria, Artola, Altuna, Ezkurdia, Irujo, Olaizola, Aritz Lasa…