Ordiziako Udaleko alderdi guztiek bat egin dute Emakumeen Mundu Martxarekin
Ordiziako alderdi politiko guztiek (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Ordizia Orain eta Irabazi-Ganemos) bat egin dute Emakumeen Mundu Martxarekin, eta haren aldeko adierazpen instituzionala adostu dute. Martxa bihar iritsiko da Goierrira, eta Beasainen egingo du geldialdia. Ordiziako Udalak, emakume elkarteek antolatutako ekintza eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Eta bide batez, “emakume eta gizonen arteko aukera berdintasunaren aldeko ekimenak sustatzen jarraitzeko konpromisoa” hartu du, horretarako udalerriko emakume talde eta erakunde feministak kontuan izanda.
Emakumeen Karabana 1995ean egin zela lehedabizikoz Quebec-en, bertako emakumeen mugimenduak antolatuta, berdintasuna aldarrikatzeko asmoz. 2000. urtetik aurrera ekimena munduan barrena zabaldu zen. Aurtengoa ekimenaren 4. edizioa izango da eta “Geure gorputzak, geure lurraldeak. Martxarekin jarraituko dugu guztiok libre izan arte” lemapean egingo dute. Martxoaren 6an abiatu zen Kurdistanetik eta urriaren 17an amaituko da Coimbran (Portugal), Europa zeharkatu ondoren.