Zaldibian Santa Fe jaiak datorren astean ospatuko dituzte
Zaldibian astelehenean ekingo diete festei, urriaren 5ean. Bezpera, zaindariaren eguna eta bigarrena ospatu ondoren, osteguna atsedenerako utzi, eta hurrengo asteburuan beste hiru ekinaldirekin bukatzeko. Sei egun guztira, ondo hornituak.
Asteazkena (urriak 7) haurrentzat ekitaldiekin osatu dute, tartean bazkaria. Urriaren 9a, ostirala, mozorrotuentzat jarri dute; arratsaldetik mozorrotuta ibiltzeko eskatu du Festa Batzordeak. Azkeneko jardunaldia, berriz —urriaren 11, igandea—, kuadrillena.
Hasiera, ohitura bihurtu den bezala, mondeju osagaiak bilduz egingo dute. Olaldetik plazara, danborrada gisako desfile alaia. Mondeju zuria probatzeko modua ere izango da, astelehenean. Mondejugileak buru-belarri ari dira jada prestatzen, eta usaina zabaldu da kalean.
Musikaren arloan, Imuntzo eta Beloki disko berria besapean dutela etorriko dira herrira. Urriaren 8an dute berez Egurre lana aurkezteko asmoa; Zaldibian izango da estreinaldia.Lau gauetan izango dira kontzertuak eta dantzaldiak. Hurrengo asteburuan, esate baterako, bina talde ariko dira gaueko. Zaldibiarrek jotzen duten Gureran taldeak itxiko ditu festak. Euskaldunek eta kubatarrek osatutako La Jodedera taldeak ere kontzertua egingo du. Karibeko doinuak eta erritmoak, euskaraz abestuta.
Goi mailako pilota jaialdia
Kirolari dagokionez, esku pilotari eman diote santafetan indarra. Urriaren 10erako profesionalen jaialdia antolatu dute. Zortzi pilotari ekarriko ditu Aspe enpresak, bi partida osatzeko. Estelarrean bi txapeldun ariko dira: Xala Merino I.arekin, eta Martinez de Irujo Tolosarekin. Sarrerak egunean bertan salduko dituzte, ordubete lehenago.
Almitza elkartearen sehaskan, segak ere ezin zuen hutsik egin. Euskal Herri mailako segalaritza saioa jokatuko da, azkeneko egunean. Zortzi urtetik 16ra arteko haurrak ariko dira.
Goiztiri txarangak berriz joko du
Santa Fe egunean, asteartean, aspaldian isilik dagoen Goiztiri txarangaren doinuak entzungo dira atzera Zaldibian. Kide izandakoak elkartuko dira, 19:30ean, kalejira egiteko.
Txarangako kide izandako 20 bat lagunek asteak daramate entseatzen. «Hogei-bat elkartu gara, gehientsuenak», dio Joxe Ramon Irastortza ‘Oto’-k.
Berragerpenaren helburua taldean ibili ziren bi lagun oroitzea da: Xabier Erauskin —uztailaren 18an hil zen, Zaldibiara bidean, autoarekin istripua izanda— eta Hodei Galarraga —2002an hil zen—.
Erauskin hasieratik sartu zen Goiztirin, duela 32 bat urte. Saxo altua jotzen zuen. Galarragak tronpeta jo zuen.
EGITARAUA Astelehena, urriak 5 18:30. Desfilea Olaldetik plazara, mondeju osagaiak bilduz. 19:00. Hasiera. Iztueta dantza taldea, danborrariak, txistulariak eta Gauerdi txaranga. Ondoren. Kalejira, buruhandiak 20:00. Mondeju dastaketa. Afal ostean. Gauerdi txaranga. 23:00. Imuntzo eta Beloki. Asteartea, urriak 6 11:00. Haur jolasak, Kulkirekin. 11:00. Meza. 11:45. Elustondo eta Sarriegi bertsolariak. 12:00. Herriko trikitilariak. 17:00. Zaldibiako pilota eskolako haurren pilota partidak: Oroitz Etxabe-Jon Mendizabal / Iñaki Oria-Aimar Etxeberria. 18:30. Iztueta dantza taldea. 19:30. Goiztiri txarangako kide ohien saioa. Asteazkena, urriak 7 11:00. Zezenak eta pottokak. 12:00. Hamaiketakoa, jubilatuei. Ondoren. Kalejira, Zaldibiako trikiti eskolako ikasleekin. 13:30. Haurren bazkaria. Ondoren. Haurrentzat jolasak. 17:30. Patxin eta Potxin pailazoak. Ostirala, urriak 9 16:00-19:00. Margoketa tailerra haurrenzat, Beti-Gazterekin. 19:00. Herri kirolak. 20:00. Elektro-txaranga. 22:30. Kontzertua: La Jodedera. 00:00. Gugaz-ekin dantzaldia. Larunbata, urriak 10 12:45. Laguntasuna errondaila. 16:30. Mozorro-festa eta haurren jaialdia. 18:00. Profesionalen pilota partidak. Lehenik, Gorka-Urruzola / Jaka-Irusta. Bigarrena, Xala-Merino I.a / Irujo-Tolosa. 20:00. Kalejira aldarrikatzailea. 23:00. Irrikan-en kontzertua; gero, Gabenara-ren dantzaldia. Igandea, urriak 11 11:00. Txistularien goiz eresia. 12:00. Euskal Herriko gaztetxoen sega saioa (8-16 urtekoak). 14:30. Kuadrilla bazkaria plazan Bazkalondoan. Jundajo txaranga eta kuadrillen arteko jokoak. 23:00. Gureran-en kontzertua (herritarrak); gero, Tximeleta-rekin dantzaldia.