Altuna Fernandez lankidearen ondoan, Zine Klub Legazpi taldeko kideekin
Atzo estreinatu zen zine areto kometzialetan Asier Altunaren Amama filma, eta Altuna bera Legazpiko Latxartegi zineman izan zen pelikula aurkezten, Zine Klub Legazpi taldeak gonbidatuta.
Zuzendari bergararra proiekzioa hasi aurretik agertu zen ikusleen aurrean, Marian Fernandez lankidearekin batera. Pelikularen nondik norakoak agertu zituen, eta besteak beste, trama kokatzen den baserriaren aukeraketa, aktoreak eta lantaldea izan zituen hizpide. Donostiako Zinemaldian izandako harrera ere aipatu zuen, baita azken egunotan filmaren promozioan komunikabideekin izandako hartuemana ere. Amaitzeko, euskal zinemaren egoera onarentzako hitzak ere izan zituen, eta berak Amama “zine pantaila handitan ikusteko” egin zuela esan zuen, zinema aretoetara joateko gonbitea luzatuz horrela.
Aurkezpenaren ondoren, Zine Klub Legazpi taldeko ordezkariek lore sorta bat eman zioten, eta txalo zaparrada batez agurtu zuten ikusleek.
Pelikularen proiekzioa amaitutakoan txaloak errepikatu egin ziren.
Amama Goierriko hainbat zine aretotako karteleran dago asteburu honetan: Legazpin bertan gaur 22:15ean eta bihar 19:30ean ikusi ahal izango da; Beasainen Usurbe Aretoan, gaur 19:30ean eta 22:30ean, bihar igandea 19:30ean eta 22:00etan eta astelehenean 19:30ean eta 22:00etan; eta Zumarragako Zelai Ariztin gaur 19:30ean eta 22:30ean, bihar 19:30ean eta 22:00etan eta astelehenean 19:30ean eta 22:00etan.