Musika ibiltari bihurtu da gaur eguerdian Ordizian, eta kamoi baten gainean ibili dira eta dabiltz jotzen Gureran talde zaldibiarra Otegienea auzoan, Ekeko el Perro ordiziarra Altamiran eta Potrotaino, ordiziarra hau ere, Bustuntzan. Kamioirrock deritzan egitasmoa da hau, eta Goierriko musika jaialdi beteranoena den Ordiziarrock-en barruan kokatzen da.
Baina ez dira eguerdiko kontzertu hauek jaialdiak gaur izango dituen adierazpen bakarrak, arratsaldean ere izango delako saio bat Plaza Nagusian, eta gauean kontzertu nagusia Beti Alai frontoian. Bi zita horiekin agur esango dio aurtengo Ordiziarrock jaialdiak, ostegunean abiatutako ibilaldiari.
Gaueko kontzertua
Arratsaldeko zita 19:00etan izango da, Plaza Nagusian, Musika Eskolako rock taldearekin eta Insania Crew DJ bikotearekin.
Gaueko jaialdia 22:30ean hasiko da Beti Alai frontoian, eta bertan hainbat talde ezagun bilduko dira. Horietako bat da
Fiachras, Haritz Artola lazkaotarraren taldea. Brigada Criminal, Bizardunak eta Txinaski taldeetan aritutako musikariek osatzen dute, doinu irlandarrak eta rocka nahastuz.
Gaueko beste izen handietako bat,
La Brigada del Vicio izango da. Euskal Herrian askorentzat izen ezezaguna bada ere, Zaragozako taldea 1999tik ari da jotzen eta Punk Oi! estiloan erreferente garrantzitsua dira Espainia mailan.
Euskal Herrira itzulita, 90eko hamarkadan sona handia izan zuen
Flitter laukote nafarra etorriko da Ordiziara. Sei disko argitaratu eta gero, urte askoan eskenatokiak utzita egon dira, baina 2013an berriz elkartu eta Rabioso lana argitaratu zuten.
Gaueko kontzertuko kartelera
Revolutionary Brothers bikote donostiarrak osatuko du, bere reggae doinuekin.