Usurbe aretoko mezuak
Euskal Herriaren etorkizunari buruz gogoeta egiteko hamaika ideia aditu dira Beasaingo Usurbe antzokian.
Ikusmina bazegoen, eta kopuruz eta edukiz antolatzaileen ...
Euskal Herriaren etorkizunari buruz gogoeta egiteko hamaika ideia aditu dira Beasaingo Usurbe antzokian.
Ikusmina bazegoen, eta kopuruz eta edukiz antolatzaileen eta bertaratuen nahiak bete ziren. Agirre Lehendakaria Centerrek eta Gure Esku Dagok urriaren 7rako antolatutako Erabakitzeko eskubidea, kultura eta berrikuntza hitzaldia beste urrats bat izan da urte asko ez dela Goierrin sortu zen mugimendu plural eta parte hartzailearen bilakaeran.
Hizlariak lau: Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Jose Manuel Castells Zuzenbidean katedraduna, Angel Oiarbide Gure Esku Dago egitasmoko ordezkaria eta Ixabel Olano, Beasaingo Ikastolaren lehen andereñoa. Eta ikus-entzuleak hamaika, askotarikoak: politika arlokoak, ekonomia arlokoak, gizarte eta kultura mundukoak, baita ideia eta diskurtso berritzaileak entzuteko prest zeuden norbanakoak ere. Aurkezlea bakarra, Arantza Arza itsasondoar kazetaria.
Lau lagun horien ahotik aditutako ideia eta mezu nabarmenenen bilduma bat aurkituko du irakurleak erreportaje honetan, hitzez hitzezkoak, barne hausnarketatik abiatutakoak, baina plaza, herria, herritarrak jomuga dutenak; nahi izatetik ahal izaterako bidean urratzaileak diren ideia eta mezuak.
«Ziklo baten hasieran gaude, baina ez hasi delako, zaharra bukatu delako baizik. Uhina sortzeko ardura behar da»
Angel Oiarbide, Gure Esku Dago
Eskozia, begi irekitzailea: Eskoziaz gauza handirik ez genekien. Garrantzitsuena, han ere herri kirolak egiten zituztela. SNPk gobernua gutxiengoan hartu, eta erreferendum bat agintzeak harritu gintuen. Zeren hemen, horrenbeste sufrimendu sorrarazten ari zen gatazka baten muinean zegoen gai hura. Eta ordu t’erdira zegoen gizarte batean ez zen ez arazo, ez problema eta ez konflikto.
Adibidea sortzea: Gai izan ginen goierritarrak urruntzen gintuen gai bat topagune bihurtzeko eta elkarlana sustatzeko. Bost urteko epean, 2007tik 2012ra, haizeak kontra zirela, adibidetxo bat sortu genuen.
Gure Esku Dago: 2013an aurkeztu zenean, erronka oso handia jarri genuen, urtebetean egiteko. Handia jarri genuen, zeren erronka handiek nahi eta nahi ez behartzen gaituztelako sekula santa elkartuko ez garen jendearekin elkartzen, pausoak ematen. Kuriosoa zen; proiektua azaltzera joanda, herri guztietan abisatzen zidaten aurrez: ‘Jakin ezazu herri hau zaila dela’. Hori toki denetan esaten zidatela erantzuten nien. ‘Ez, ez. Hau bereziki da zaila’. Zer lauza mentala!
Zikloaren hasiera: Herri honetan ziklo euritsuak 30 urtez behin izaten omen dira: 1953an, 1983an, 2013an. Naturak bere zikloak ditu, pertsonek eta herriek ere bai. Gu ziklo hasieran gaude, baina uhin hori ez da altxatzen hasten. Ziklo baten hasieran gaude, baina ez hasiera delako, baizik zaharra amaitu delako. Zeintzuk dira klabeak uhin bat sortzeko? Ardura. Urte gehiegitxo egon gara gure lanak beste batzuek egin ditzaten zain.
Errentetatik bizi: 50 eta 60ko hamarkadetan sortu zituzten inertzia batzuk: kooperatibak, ikastolak, euskal kulturgintza suspertu, herritarrak aktibatu… Orduko olatuen aparrak iritsi dira gaur arte. Aberatsen seme-alabak bezala bizi izan gara gu: errentetatik. XXI. mendeko euskal herritarrak zer egiten ari gara halako balore, adibide eta erreferentziak hemendik 50 urtera irits daitezen?
Barne bidaia: Askotan, herri bezala umezurtz gabiltza: Eskoziara begira, Kataluniara, hurrengoan flandiarrak izango dira… Eredu bila, kanpora. Handik izango bagenituzke bezala erantzun guztiak. Barrura begiratu behar da. Komunitate bezala bidaia barrura egitea ez dago gaizki. Guk ere sortu ditugulako mundu mailarako erreferentziak: demokrazia parte-hartzaileak, enpresan, industrian, ikastolan…
Zuzendaritza, herriaren esanetara: Espiritu kooperatibista bizirik duten organizazioetan, kideak dira zuzendaritza hautatzen dutenak. Zuzendaritzak, aldiz, partaidetza sustatu behar du kideen artean, eta apustua nola doan informazioa eman. Ekuazio horrek emaitza bat ematen du: inplikazio gehiago eta partaidetza gehiago.
«Argi eduki behar dugu gure artean erantzun lokala eraikitzea dela, seguraski, gure erronkarik handiena»
Juan Jose Ibarretxe, Lehendakari ohia
Kultura da gakoa: Gure etorkizunari buruzko eztabaida gure kulturari buruzkoa izango da. Kultura ez da espresio kulturala bakarrik, baita baloreak ere. Azken horiek oso garrantzitsuak dira giza garapen iraunkorra lortu nahi duen gizarte batentzat.
Diagnostikoa: Bizitzan, osasun munduan gertatzen den moduan, diagnostikorik ez badago nola aplika daiteke terapia bat? Uste dut hori dela umiltasun osoz egin behar dugun galdera.
Globalizazioa: AEBetako berrikuntza institutu batek dio 5.000 herri-hizkuntza daudela munduan, eta hauetatik apenas geratuko direla bizirik 500-edo mende honen bukaeran. Hau da globalizazio honen atzean dagoena, tokian tokiko kulturak desegitea, eta hori gertatzen bada, erregio hori, nazio hori, estatu hori desagertu egingo da.
Krisia: Krisia ez da ekonomikoa, soziala edo kulturala, krisia etikoa da. Ortega y Gassetek honakoa zioen: «Ez dakigu zer gertatzen zaigun, eta hori da zehazki gertatzen zaiguna». Horri erantzuteko sortu genuen Agirre Lehendakaria Center (ALC).
Euskal kasua: ALCren azken hiru urteetako helburua euskal kasua munduan aurkeztea izan da, bi kontzepturekin: kontzeptu zaharrena, Herria, Euskal Herria, kontzeptu berri batekin besarkatzea, giza garapen iraunkorrarekin.
Erantzun lokala: Gizarte global batean erantzunak lokala izan behar du. Guk aportatzen ez badugu, desagertu egingo gara, ez gara munduko agendan agertuko. Argi eduki behar dugu hori dela seguraski erronkarik handiena, erantzun lokala eraiki behar dugu gure artean. Eta zein da formula hori garatzeko? Ikerketa, garapena, berrikuntza gehi kultura. Kultura izan da gakoa. Hemendik aurrera ikerketa honekin jarraituko dugu, batez ere narratiba eta baloreak definitzeko.
Open Akademia zertarako?: Iragaranekin ikasteko, gure etorkizuna ez hipotekatzeko. Nondik datorren ez dakiena, ez daki nora doan. Ezagutza handitu, baliatu eta zabaldu behar dugu.
Identitatea eta etorkizuna: Joseph Stiglitz Nobel saridunak honakoa dio: «Globalizazioaz gehien baliatu diren estatuak haien etorkizunaren jabe izateaz arduratu direnak izan dira».
Top-10a: AEB eta Erresuma Batua kenduta, berrikuntzan, lehiakortasunean eta talentuan Top-10ean daudenak estatu txikiak dira.
2030a: Begira zer gertatzen den Europan: 1914an 20 herri, 1949an 26 eta 2014an 47. Gero eta gutxiago? Ba ez. Eta nik esaten dut, zergatik ez 2030ean NBEn Eskozia, Flandria, Quebec, Katalunia eta Basque Country? Hori ez dute erabakiko Madrilen edo Bruselan. Gure esku dago. Aitzakiarik ez, ezin dugu esan ez digutenik uzten.
«Erabakigarriak diren aldaketak bizitzen ari da XXI. mendea, askotarikoak, baina atzera bueltarik ez dutenak»
Jose Manuel Castells, Zuzenbidean katedraduna
XIX. mendea: Benetan erabakigarriak diren aldaketak bizitzen ari da gizaldi hau. Ez dira mundu guztian egonkortutako aldaketak, egoerak ere askotarikoak direlako, baina aldaketa horiek ez dute atzera bueltarik. Ikuspegi berriak azaltzen ari dira, erreformistak, haize berriak dakartzatenak, eta neurri batean, bidegurutze desberdin eta oso garrantzitsu baten aurrean gaude.
Westfalia 1948: Itun horren gainditzea ere ezagutzen ari gara. Monarkia absolutuen bidez estatu berriak sortu ziren; XVII. mendean Frantziako Iraultza etorri zen; XVIII.ean estatu bateratuak, zuzenbide estatua, legeen estatuak… Orain gutxira arte azaleratzen aritu da hau guztia.
II. Mundu Gerraren ondorena: Autonomia politikoko sistemek berealdiko garrantzia dute gerra horren ondoren, hasi Italiako Errepublikatik, eta beste estatu batzuekin jarraituz, Espainia tartean. Gerora etorri dira autonomia politiko kontsolidatuak aldatzeko transformazioak: lehenik erabakitzeko eskubidea, eta banakuntzarako eskubidea gero.
Quebec: Kanadako Auzitegi Gorenak eskatutako txosten baten arabera, jakiten da balizko erabakitzeko eskubide baten, banakuntzarako eskubide baten, errekonozimendua etor daitekeela, printzipio demokratiko bidez errekonozitutako ildo politikoetan oinarrituta. Baina gehiago ere badio: Kanadako konstituzioan inork ez du aitortzen bere baitako lur-eremu baten independentzia, baina galdera argia bada, eta gehiengo argi bat baldin badago, jarrera independentista horiek aitortu egin behar dira, nahiz eta horrek ez duen independentzia esan nahi.
Eskozia: Europako eredurik garatuena da Eskoziakoa. Erabakimen osoz egin zuten aurrera, baina azken koskan egin zuen kale, erreferendumean. 1998a da urte erabakigarria, Scotland Act-en urtea da. Urte hartatik aurrera anglosaxoien pragmatismo buru argia ezagutzen hasiko gara, hau da, legearen mugak politikaren bidez gainditu daitezkeela.
Britainiako gobernua: Westminstergo Parlamentuaren esaldi bat gustatu izan zait beti: «Elkarrekin segitu nahi dugu, baina Eskoziako Gobernuak beste ikuspuntu bat du, Eskozian gehiengo osoa dute, eta beraz, negoziatu egin beharko dugu, eta kontuan hartu gehiengo hori».
Katalunia: 1990eko hamarkadan ia garbi ikusi zen Auzitegi Konstituzionalak jarrera irmoa mantendu behar zuela Kataluniako agintarien sentimentu independentisten aurka. Trantsizio Nazionalerako Kontseilua izeneko erakunde bat dago, eta hango presidente Carles Viver i-Sunyerrek muga konstituzionalak politikaren bidez gainditzeko saiakera bat egin behar du, printzipio demokratikoaren gailentasuna baliatuz.
«Poz handiak izan ditut mundu honetan. Baina horietako bat, umeak Beasaingo plazan euskaraz abesten eta hitz egiten entzunda»
Ixabel Olano, Ikastolako andereñoa
Ilunpetik argitara: Euskaraz ezin zen egin; ez elizan, ez eskolan, ez kalean. Debekatuta zegoen. Etxe askotan, gurasoak euskaldun-euskaldunak izan arren, eurek pasa zituzten umiliazioak ez ikusteagatik umeetan, erdaraz erakutsi zieten. Beasainen bost gurasok hasi zuten ikastola.
Baldintzek baldintzatu gabe: Hogeita bost ume ziren, hasieran. Denak lau urtekoak, baina bat bazegoen hiru urtekoa. Guraso haiek izugarrizko meritua zuten, baina baita lanean hasi ginen gela hartara joaten ziren umeek ere: etxe karreran sartu, hamabi eskailera jaitsi behar zituzten, eta lokal luze bat zen sotoan. Komunik gabe. Etxetik ekarri nuen orinal bat eta balde bat. Eguerdietan hustu, eta asteburuetan etxera eramaten nituen garbitzera, esku-poltsa bezala hartuta.
Material ezari, aberastasun immateriala: Inongo materialik ez zegoen. Txotxak, hizkiak eta zenbakiak egiten ikasteko, hizki handiz. Eta pottokak edo kanikak, matematiketarako. Dena lurrean, jakina. Hasi berrientzat, ‘Martin Txilibitu’, eta gero ‘Xabiertxo’. Beste libururik ez.
Administrazioak zangotraba: Elizaren babesean ari ginen, eskerrak horri. Baina hala ere etortzen ziren ikuskatzaileak. Guardia zibilak ere bai, bi aldiz. Bigarren aldian, festa batzuetan. Etxera joan zitzaizkidan bila, miaketa bat egin behar zutela eta. Eskolan, bazter batean, kirol poltsa bat zegoen. Irekitzeko eta barruan zer zegoen begiratzeko esan zidan guardia zibilak: ‘Miatzera etorri dena zeu zara; beraz, begiratu zeuk’. Ez zuen begiratu. Ganbarara ere ez ziren igo. Nik ez dakit zertara etorri ziren.
Lehentasuna, ikastolak: Nik lau seme-alaba nituen jada, eta gero izan nuen bosgarrena, ikastolan nenbilela. Oporrak hartu genituen Gabonetarako, eta 24an jaio zen. Eta 7an eskolara joan nintzen berriz.
Alfonbra, luxua: Nik Lazkaon egin nituen praktikak, urritik Gabonak arte, Marixabel andereñoarekin. Gela bat zeukan hark… Zorua gaztaina egur zabal ilun horietakoa, gainera alfonbra zeukaten, denak borobilean eserita umeak. Zer ederki! Egoera berdina neukan nik hemen [Beasainen]. Alfonbra borobil bat erosterik ez, eta izaten ziren lehen pasilloen luzerakoak. Metro batzuk ekarri, eta haiekin moldatu nuen lauki oker bat. Han egoten ziren umeak eserita. Behintzat porlanaren gainean ez.
Poz handiena, plazan euskara aditzea: Euskara sartu nahi genuen Beasainen. Zergatik Beasain oso erdalduna zen, erabat. Poz handiak izan ditut mundu honetan, baina horietako bat izan zen Eskola Nazionala Loinazpera joan, udaletxeko eskolak libre gelditu, ikastolako hiru gela hara eraman, eta umeak Beasaingo plazan euskaraz abesten eta hitz egiten entzunda. Ez dago esaterik nolakoa, ez zarete konturatzen!