Rallya eta konzentrazioa Antiora iritsi da
Goierriko errepideetatik zehar ibili dira gaur arratsaldean RACVNren rallyan eta konzentrazioan parte hartu duten auto klasikoak. Guztira 42 ziren, zein baino zein ikusgarriago: 22 rallyko partaideak, eta gainerako 20ak auto klasikoen konzentraziokoak.
Goizean atera dira Donostiatik, eta Alegin bazkaltzeko geldialdia egin eta gero, Zumarraga aldera abiatu dira, Goierriko bigarren mailako errepideetatik zehar. Larraitz, Gaintza, Ordizia, Ormaiztegi, Liernia, Mutiloa, Aztiria eta Gabiria zeharkatu dituzte, eta 16:30ak aldera Antiora iritsi dira. Han beste geldialditxo bat egin eta berriz abiatu dira, oraingoan Antzuola, Bergara, Arrasate, Oñati eta Legazpiko bira egiteko. Zumarragan zuten berriz ere hitzordua, Euskadi plazan, 18:00ak inguruan. Han amaitzekoa zuten beren ibilaldia konzentrazioan parte hartzen ari ziren autoek. Besteek, rallykoek, Donostian zuten helmuga.
Partaideen artean bezen goierritarrik, Ormaiztegiko Josean eta Anne Zufiaur, 1980ko Audi Quattro batekin, baina erretiratu egin behar izan dute konzentraziotik. Bestelakoan, aipagarriak ziren Fiat 1500 Cabrio-a, 1961ekoa, lasterketako zaharrena, eta baita 1966ko Triumph Spitfire MKII-a ere. Rallyari eta konzentrazioari izena ematen dion Ignacio Sunsundegi zena ere lasterketan izan da, Elena alabak parte hartu duelako alde batetik, eta, bestetik, berak erabiltzen zuen Renault Alpine A-110a ere errepidean izan delako, Luis Murgiak gidatuta.
Antolatzaileak pozik agertu dira parte hartzearekin eta baita “Zumarragako udalaren harrerarekin” ere. Ekitaldi hau, Zumarragako Motorraren Astearen baitan kokatzen da.