Errefusarentzako edukiontzi grisak jarriko dituzte Zumarragan
Gaur goizean egindako ezohiko bilkuran onartu dute Sasietari edukiontzi grisak jartzeko eskaera egitea. Mikel Serrano alkateak azaldu duenez, bi helburu ditu neurriak. Batetik, biriziklapen tasa igotzea. Bestetik, hondakinen tratamendua egiteko
Gaur goizean egindako ezohiko bilkuran onartu dute Sasietari edukiontzi grisak jartzeko eskaera egitea. Mikel Serrano alkateak azaldu duenez, bi helburu ditu neurriak. Batetik, biriziklapen tasa igotzea. Bestetik, hondakinen tratamendua egiteko kostu ekonomikoa murriztea. “Gastu hori udal tasetan islatzen da”, esan du Serranok.
Sasieta Mankomunitateak orain gutxi jakinarazi zuen herri bakoitzak zein gastu eragiten duen, bai zaborraren bilketari dagokionean, baita hondakinen tratamenduari dagokionean ere. Serranoren hitzetan, Zumarragak mankomunitateko gastu “txikienetakoa” sortzen du bilketan, baina gastu handia tratamenduan. Horregatik erabaki dute edukiontzi grisa jartzea.
Txip bidez irekiko da edukiontzia, eta astean egun jakin batzuetan baino ez da izango errefusa botatzeko aukera. Bestalde, Serranok garbi utzi nahi izan du kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpaina bat ere egingo dutela, Sasietako monitoreen laguntzarekin. Ez du datarik jarri nahi izan, baina “ahalik eta lasterren” izango dela esan du.
EH Bilduren kritika
Inma Albisua EH Bilduko zinegotziak “ongi etorria” eman dio edukiontzi grisari, “horrela denok gehiago birziklatuko dugulako”. Dena den, gaitzetsi du neurria arrazoi ekonomikoengatik baino ez dela hartu. “Birziklapen datuak aspalditik zituen udalak, eta orain arte ez da neurririk hartu”.
PSE-EEren eta EAJren aldeko botoak jaso ditu proposamenak. EH Bildu, berriz, abstenitu egin da. Unai Orbegozo Podemos-Ahal Duguko zinegotziak ezin izan du bilkuran izan.