Nerabeak etxean? Aurre hartu komunikazio faltari
«Nerabe bat dugu etxean. Lagundu!!». Guraso askok egingo luketen deia da, dudarik gabe, ez baita batere erraza haurtzarotik helduarora bidean dauden gaztetxoekin ...
«Nerabe bat dugu etxean. Lagundu!!». Guraso askok egingo luketen deia da, dudarik gabe, ez baita batere erraza haurtzarotik helduarora bidean dauden gaztetxoekin bizitzea. Gaztetxo horiek ere, asko behintzat, galduta ibiltzen dira bide hori zeharkatzeko garaian. Beraiek ere egin ohi izan dute laguntza eskaerarik.
Beasainen, bi eskaerak elkartu, eta erantzun bateratua eskainiko zaie gurasoei zein nerabeei Irriargi elkarteak eta Eizu gaztelekuak udalaren laguntzaz antolatutako jardunaldietan. Komunikazio arazoak? Komunikazioa eta harremanak nerabeak dauden familietan izenburupean egingo dira hilaren 20an eta 21ean gaztelekuan bertan eta Igartza jauregian. Beasainen egingo dira, bai, baina goierritar guztiei daude zabalduta. Doako saioak izango dira, aurretik izena ematea eskatzen bada ere (www.irriargi.com edo www.beasain.eus). Parte hartzeko ez da inolako baldintzarik bete behar: gurasoak joan daitezke bakarrik, nerabeak bakarrik, edo familia bereko gurasoak eta gaztetxoak elkarrekin.
Nerabeak 13-17 urteko adintartean kokatu ditu jardunaldi horien gidaritzaz arduratuko den Arremanitz elkarteak. Berdintasuna eta hezkidetza gaiak lantzen dituzte bereziki elkarte honetako profesionalek, eta eskarmentua dute haurrekin eta gazteekin formazio saioak ematen.
Komunikazioa landuz
Komunikazioa da Arremanitz elkarteko aditu horiek Beasainen landuko duten gaia, edo, hobeto esanda, komunikazio falta. Horixe baita, hain zuzen ere, nerabeak dituzten familietan atzeman den arazo larrienetako bat. Atzetik, arrazoi ugari nerabeen aldetik: sakeleko telefonoa, irudi pertsonalari ematen dioten garrantzia, ikasketen aurrean arduragabekeria, bestelako ardurak hartzeko konpromiso falta…. Gurasoen aldetik, beste arrazoi batzuk: denbora falta, seme-alabei mugak jartzeko ezintasuna, beldurra edo ezjakintasuna…
Familian ezinbestekoa da komunikazioa nerabeen bilakaera egokirako eta horretarako bi aldeen arteko harremana eraiki behar da. Horretan lagunduko dute Irriargik eta Eizu gaztelekuak proposatutako jardunaldietan. Alde bakoitzak bere kezkak agertuko ditu, eta gero, denak elkartu eta zubiak eraikitzen saiatuko dira.
Egitaraua
Gazteei zein gurasoei zuzenduta, Komunikazioa eta harremanak nerabeak dauden familietan gaia landuko da Beasainen.
Nerabeei zuzenduta. Ondo bizi nahi? Zer eskatzen diezu ingurukoei? Tratu onak sustatuz.Azaroak 20, ostirala, 17:30. Eizu gaztelekua.
Gurasoei zuzenduta. Ondo bizi nahi? Zer eskatzen diezu ingurukoei? Tratu onak sustatuz.Azaroak 21, larunbata, 11:00. Eizu gaztelekua.
Nerabe eta gurasoei zuzenduta. Etzak lo hartu antzerki emanaldia, eta landutakoa elkarbanatzeko gunea. Azaroak 21, larunbata, 18:00. Igartza jauregia.