In Memorian jartzen duen oroitarria ere jarri dute Jose Migel Barandiaran parkean. EH Bildukoek ez dute gaurko ekitaldian parte hartu.
Beasainen Oroimenaren Eguna ospatu dute. EH Bilduk ez du parte hartu.
Beasaingo Jose Migel Barandiaran parkean, Oroimenaren Eguna ospatu dute gaur iluntzean,
In Memorian dioen oroitarriaren eta Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean. Herritarren artean, Beasaingo Udala osatzen duten EAJko eta PSE-EEko hainbat zinegotziak izan dira ekitaldian.
Aitor Aldasoro alkateak egindako deialdiak zioenez, “bakea eta bizikidetza lortzeko, beharrezkoa da indarkeriaren bidegabekeria aitortzea, egindako mina onartzea eta biktimak duintzea; izan ere, biktima guztiek merezi dute egia, justizia eta konponbidea lortzeko eskubidea. Alkate naizen aldetik, nire asmoa da Oroimenaren Eguna ahalik eta adostasun handienarekin egitea, eta, horretan oinarrituta, urterik urte aurrerapausoak ematea bizikidetzaren esparruan gure udalerrian”.
EH Bildu ez da ekitaldian izan
EH Bilduko ordezkaririk ez da izan gaurko Oroimenaren Eguneko ekitaldian. Ohar bidez jakinarazi ditu, ekitaldian parte ez hartzeko arrazoiak: “Alde batetik, ez gatoz bat EUDELEK, 2013an Eusko Jaurlaritzak “
Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri (1960-2010)” lana oinarri hartuta egiten duen irakurketa partzialarekin. Eta bestetik, lan honetan ez ziren hiru beasaindar kide agertzen, eta guk hauen aitortza eskatu genuen, uste baitugu biktima guztiek merezi dutela aitortza”. EH Bilduren esanetan, “hasieratik eta azken egunera arte, gure helburua egun honetarako terminoak adostea izan da, biktima guztiei merezi duten aitortza emanez eta honen adibidea izan da azken osoko bilkuran, gaur jarri nahi duten Gernikako arbolaren kimu baten eskaerari “baiezko” botoa eman geniola, beti ere biktima guztien aitortza modu ofizialean egiten bazuten”.
Aurrera begira, EH Bilduk garbi utzi nahi du, “ez dela gaurko egunarekin bukatzen biktima guztien errekonozimendua, eta gure aldeko jarrera agertu nahi genuke, biktima eta sufrimendu guztiak onartuz, alderdi guztien arteko elkarlana bultzatuaz. Denok eman behar ditugulako pausuak gerturatzeko, eta ez geuk bakarrik”.