Aralarko basoetan, 300 lagun izaki mitologikoen eta Olentzeroren bila
Gabonetako ibilaldi magikoa egin zuten, larunbatean, Aralarren. Alleko basora jendetza joan zen, 300 bat lagun antolatzaileen esanetan. Aralarko Parketxeak antolatuta —Barandiaran Museoak eta Lizarrustiko Parketxeak osatua—, euskal mitologiako pertsonaiekin ibilbide ikusgarria egin zuten.
Eguraldi goxoarekin, goizean zehar Torto, Marisorgin, Mateo Txistu, Zezengorri, Akerbeltz, Sanmartintxiki eta, Eguberri atarian egonda, Olentzero ere agertu zitzaizkien. Jentilbaratza kultur elkarteak garatu zituen antzezpenak. Haurrek eskutitzak emateko baliatu zuten aukera, gainera. Ikazkinak gaztainak eman zizkien.