Mingainluze lehiaketan erabakita gelditu dira finaleko zortzi taldeak
Pasa den asteburuan jokatu dira aurtengo Mingainluze lehiaketako finalaurrekoak, eta datorren asteburuko finalaren faltan, erabaki da zein zortzi taldek hartuko duten parte aurtengo azkeneko saio erabakiorrean. Finalaurreak ohi bezala estuak
Pasa den asteburuan jokatu dira aurtengo Mingainluze lehiaketako finalaurrekoak, eta datorren asteburuko finalaren faltan, erabaki da zein zortzi taldek hartuko duten parte aurtengo azkeneko saio erabakiorrean. Finalaurreak ohi bezala estuak eta porrokatuak izan dira oso. Garesti egon dira aurten finalerako txartelak, bai horixe. Puntu gutxiren aldearekin egin dute talde batzuk aurrera, eta puntu gutxi batzuen faltan geratu dira beste batzuk finalaren atarian. Edozein kasutan, finalera pasa edo ez, datorren igandean merienda eder bat izango dute partehartzaile guztiek saioaren amaieran, aurtengo ekinaldia borobiltze aldera.
Esan bezala, zortzi talde ariko dira finalean, finalerdietan punturik gehienak lortu dituztenak: “EUSKALDUNAK” (Mikel Txintxurreta, Manex Ejea, Iñigo Samaniego), “THE TOPS” (Izaro Larrañaga, Leire Alustiza, Mirene Idiakez), “ANONYMOS” (Josu Telleria, Haimar Lopez, Aner Martin), “NAHIZ ETA…” (Nagore Txintxurreta, Luzia Manuel, Elene Okariz), “HIRU IZURDEAK” (Lina Amry, Miren Arsuaga, Iratxe Larrarte), “MINGAINMOTZ” (Eider Lesaka, Jone Etxeberria, Sara Boukhalfa), “G.T.P.S.” (Jokin Maestro, Markel Damian, Beñat Aramendi) eta “LOS BURLAOS” (Jon Agirre, Manex Berasaluze, Ander Vega). Talde oso indartsuak dira zortziak ere, eta igandeko saioan lehia bizia espero da. Ikusmina behintzat sorrarazi du igandeko finalak, ez baitago sari nagusia irabazteko faborito argi-argirik.
Finalaurreetan Mingainluzeko ariketa klasikoak egin zituzten partehartzaileek, eta finaleko saioa ere ildo beretik joango dela aurreratu dute antolatzaileek: “potokumeak, imintzioka, tribuaren berbak… Mingainluzeko ariketa klasikoak dira arrakastarik gehien dutenak eta finalean sorpresaren bat ere egongo den arren, proba horien oso antzekoak egingo ditugu. Hori bai, zailtasun maila puntutxo bat igoko dugu seguruenik” diote antolatzaileek.
Datorren igandeko saioa ere irekia da, orain arteko beste saioen moduan. Antolatzaileek gonbita berezia luzatu nahi diete herritar guztiei, lehiaketa umoretsu honen azkeneko saioa bertatik-bertara jarrai dezaten. “Saioak oso entretenigarriak dira, eta ariketak umeei zuzenduak dauden arren, batzuk ez dira horren errazak eta helduek ere euren abilezia neurtzeko aukera izan dezakete ikusle gisa bada ere”. Hitzordua, beraz, datorren igandean, arratsaldeko 17:00etan, Urretxuko Labeaga aretoan.