Partida ona baina ordain eskasa
Gehiago merezi izan zuen Ampo Ordiziak. Partida ona jokatu zuten, defentsan lan handia eginda, baina hala ere, ez zen nahikoa izan Alcobendasen ekinari eusteko. Izan ere, talde madrildarra indarrean etorri zen atzo Altamirara. Partida hasieran ere, beraiek izan ziren erasoan gehien saiatu zirenak; Ampokoek ordea, sendo eutsi zieten atzealdean. 13. minutuan ordea, Oier Goiari txartela erakutsi zion epaileak, eta 10 minutuz, jokalari bat gutxiagorekin aritu zen etxeko taldea. Hutsunea ondo aprobetxatu zuen Alcobendasek, eta 2 minutu geroago lortu zuten aurreneko entsegua. Ordiziak ordea kastarekin erantzuten jakin zuen, eta Patxi Mullerrek berehala egin zuen beste entsegu bat. Lehen zatia amaitzerako, epaileak bi txartel atera zizkien madrildarrei; Goiak aukera aprobetxatu eta 12-7 aurretik jarri ziren etxekoak.
Bigarren zatia ‘eroagoa’ izan zen. Kolpe eta erantzun, eraso eta defentsa, leia ikusgarria eskaini zuten bi taldeek. Partida amaitzeko 10 minuturen faltan, 20-20ko berdinketa erakusten zuen markagailuak, jokoan zegoen parekotasunaren adierazle. 75. minutuan Alcobendasek aurrea hartu zuen, zigor kolpe bati esker. Hiru minuturen faltan ordea, Unai Aragonek jokaldi bikain bat egin eta entsegua lortu zuen. Garaipena azkenean etxean geldituko zela zirudien, baina luzapenean, Iñaki Mateuk madrildarrentzako entsegua egin zuen. Mutu gelditu zen Altamira.
Azkenean 27-28 galdu zuten etxekoek. Hala ere, bi puntu gehiago izango dituzte sailkapenean, defentsakoa eta erasokoa lortu baitzituzten igandeko partidan.














