Maria Ibañez, Ainhoa Sanz eta Elena Silvestre, Donostiako proban. Argazkia: Carlos Mediavilla
Ainhoa Sanz korrikalari urretxuarrak Euskadiko kros txapelketa irabazi zuen atzo, Donostiako hipodromoan jokatutako nazioarteko krosean. Emakumezkoen sailkapen orokorrean zazpigarren egin zuen Sanzek, Majida Maayouf eta Samira Ahboucheren atzetik; bera izan zen ordea, aurreneko euskalduna.
Bigarren Euskadiko txapelketa du Sanzek. Bere hurrengo erronka berriz, Espainiako txapelketa izango da. Taldekako proba hilaren 28an jokatuko dute Madrilen eta banakakoa, martxoaren 13an, Calatayuden.
Goierri Garaia atletismo taldeak ere lorpena egin zuen, taldekako sailkapenean bigarren gelditu baitziren atzoko proban. Ainhoa Sanzekin batera, Lourdes Oiartzabal, Nerea Arregi, Uxune Tena eta Naroa Arrieta korrikalariek osatzen dute taldea.
Gizonezkoetan, Txindoki taldea nagusi
Emakumezkoen proban bezala, gizonezkoenean ere erabatekoa izan zen atlteta afrikarren nagusitasuna. Imane Merga etiopiarrak irabazi zuen, eta podiuma, Kiptarus keniarrak eta Kifle eritrearrak osatu zuten.
Goierriko ordezkariei dagokionean, euskaldunen artean aurreneko postuetan ibili ziren Txindoki AT-ko Eneko Agirrezabal eta Goierri Garaia taldeko Ander Sagarzazu. Agirrezabal segurarrak 12. egin zuen sailkapen orokorrean, eta 6. Euskadiko Txapelketakoan.
Taldekakoan berriz, Txindokik laugarren egin zuen, eta Goierri Garaiak zazpigarren.
- Argazki galeria: Carlos Mediavilla