Iñaki Azurmendi-Donato Larretxea Lawrence O'Toole-Iker Vicenteren aurkako lehiatuko dira, 19:00etan, Antzizar kiroldegian.
Urrezko Aizkolarien Binakako txapelketako saio erabakigarria jokatuko da ostiralean Beasainen, Loinazko San Martin egunean, Antzizar kiroldegian izango da lehia, 19:00etan hasita: Iñaki Azurmendi eta Donato Larretxea bikotea, Lawrence O’Toole australiarrak eta Iker Vicente nafarrak osatutako bikotearen aurka lehiatuko da.
Luis Mari Bengoa, Aitor Aldasoro eta Iñaki Azurmendi gaurko aurkezpenean.
Iñaki Azurmendi arriarandarrak adierazi duenez, 12 segundo baino gehiagoko aldeaz irabazten badute, Rekondo-Zabalegi bikotearen aurka jokatuko dute final erdia. Bi minutu eta erdiko (2:33 zehazki) aldeaz irabaziz gero, berriz, finalerako sailkatuko lirateke zuzenean. Atutxa eta Mugerza dagoeneko finalerako sailkatuta daude.
Bost modalitate desberdinetan 24 enbor ebaki beharko dituzte aizkolariek: erlojuaren aurka, zutika, sei enbor txanda librean…
Atsedenaldian Idoia Etxeberria eta Jokin Eizmendi harrijasotzaileek erakustaldia egingo dute. Biak Euskadiko txapeldunak dira.
Beasaingo saioa ETB-1ek eskainiko du igandean, otsailaren 7an, 16:00etatik aurrera.