"Espetxe politika ankerra" salatzeko elkarretaratze berezia egin dute Beasainen
Gaur iluntzean Beasainen, euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratze berezia egin dute, II. Elkartasun Jaialdien barruan. Loinazko San Martin plazan tortura; Kale Nagusian preso gaixoak; eta Bideluze plazan istripua irudikatu dituzte. “Oraintsu ikusi ditugun eszenak, aspaldiko urte hauetan hainbat eta hainbat euskal herritarrek jasan behar izan dituzten eszenak ditugu; atxiloleketak, tratu txarrak, espetxeratzeak, dispertsio politikak, senide eta lagunen errepide istripuak, heriotzak…”.
Antolatzaileek salatu dutenez, “orain arte, 10.000 baino gehiago izan dira tratu txarrak eta torturak jasan izan dituzten euskal herritarrak. Egun, 386 preso inguruk jasaten dute espetxe politika anker honen dispertsio politika, beraien herrietatik ehunka kilometrora bahituta daudelarik, eta 16 izan dira errepideak utzi dizkigun zorigaitzeko hildakoak. Politika injustu honek suposatzen duen gastu ekonomikoa ezin ahaztu, noski”.
Beasainen hiru preso daudela gogoratu dute. Mikel Azurmendi Valentzian 600 kilometrora, Lierni Armendariz Pontevedran 700 kilometrora eta Iban Apaolaza Granadan 830 kilometrora.
Era horretan, perfomancearekin “espetxe politika anker hau, eta honek sortzen dituen ondorio larriak salatzeko, eta gure elkartasuna adierazteko, apirileko Elkartasun Jaialdiak antola ditugu”.
Bihar bazkaria eta kontzertuak
Bihar, 13:00etan, poesia musikatua, 14:00etan herri bazkaria; 17:30etik aurrera kontzertuak herriguneko tabernetan eta 22:30ean kontzertuak egingo dituzte gaztetxean.