Euskal Herria plazan izango da, 19:30ean. Donostia 2016 egitasmoaren barruan antolatu dute. Maiatzaren 6an eta 7an Europako musika ikasleak jasoko dituzte LegazpinLegazpik parte hartuko du Donostia 2016 egitasmoko hainbat ekintzatan. Horietako bat da E...
Legazpik parte hartuko du Donostia 2016 egitasmoko hainbat ekintzatan. Horietako bat da Emusik jaialdia. Musika Eskolen Europako Jaialdia da, eta maiatzaren 4tik 7ra egingo dute Donostian. Europako 8.500 musika ikaslek parte hartuko dute bertan, musika eskolen lana taularatu eta herrialde ezberdinen arteko harremanak sustatzeko helburuarekin. Aurrekari gisa, bihar, Doinua musika eskolako eta Gipuzkoako beste herri batzuetako musika ikasleek kontzertua eskainiko dute Euskal Herria plazan, 19:30ean.
Guztira 50 lagunek parte hartuko dute biharko emanaldian, eta hamabi pieza joko dituzte. Musika instrumentu ugari izango dira, baita zuzeneko ahotsa ere. Besteak beste, Emusikeko abestia eta Europako ereserkia joko dituzte. Hainbat asteburu eta oporralditan elkartu dira Gipuzkoako musikariak, biharko kontzertua prestatzeko. Amaitutakoan, 20:45 aldera, Zigor DJ-aren emanaldia izango da. Esne Beltza taldeko kidea da.
Europako musikari gazteak
Bestalde, maiatzaren 6an eta 7an Europako hainbat herrialdetako musika ikasleak jasoko ditu Legazpik, eta egun bakoitzean kontzertu bana emango dute denen artean. 200-250 lagunek parte hartuko dute emanaldi bakoitzean. Kataluniako, Eslovakiako, Alemaniako eta Suitzako musikariak etorriko dira Legazpira. Herritik, berriz, Doinuako ikasleez gain, Sustraiak eta Korosti dantza taldeek, Alaitasuna errondailak, Santikutz abesbatzak, Legazpi Musika Bandak eta danborradako kideek parte hartuko dute.
Biharko ekitaldian Doinua musika eskolako dozena bat ikaslek parte hartuko dute. Maiatzaren 6ko eta 7ko emanaldietan, berriz, 150 inguruk. Aitor Madina musika eskolako zuzendariaren hitzetan, proiektua aberasgarria izaten ari da ikasle zein irakasleentzat. «Egunerokotasunetik ateratzeko eta gauza berriak ikasteko aukera eskaintzen digu, eta musika eskola bizirik dagoela sentiarazten digu», adierazi du. Bestalde, Emusik-ek ateak ireki dizkiela ere esan du Madinak: «Aukera eman digu beste herrialde batzuetako musika eskolekin harremana hasteko eta beste kultura batzuk ezagutzeko».
2016 Bidea Legazpitik
Bestalde,
2016 Bidea proiektuan ere parte hartuko du Legazpik. Martxoaren 27tik urriaren 30era, igandero, mendi irteerak egingo dituzte Euskal Herri osoan zehar, eta bi etapa Legazpitik pasako dira. Mendizaletasuna eta kultura uztartzea da proiektuaren helburua. Legazpitik 15. eta 16. etapak pasako dira.
Uztailaren 3an izango da 15. etapa, Beasaindik Legazpiko Chillida lantokira. Garai bateko eta gaur egungo lanak ezagutzeko aukera emango du ibilbideak. Beasainen, Igartzako burdinola ikusiko dute, eta Mutiloako meatzeetatik ere pasako dira. Legazpin, bisita gidatua egingo dute Chillida lantokian, eta amaieran bertako erramintekin kontzertu bat eskainiko du Gazteizko perkusio talde batek. 23 kilometroko ibilbidea izango da.
Bestetik, 16. etapa uztailaren 10ean izango da. Legazpiko Mirandaolako burdinolan hasi eta Arantzazun amaituko da 13 kilometroko ibilbidea. Harriarekin lotutako irteera izango da. Bidean, besteak beste, Erraizabal baserria ikusteko aukera izango da.
Parte hartzeko, beharrezkoa da aurretik izena ematea. Horretarako,
2016bidea.dss2016.eu webgunean sartu behar da. Bertan, ibilbide gehiagoren inguruko informazioa ere ikus daiteke. Goierriko herri gehiagotan ere izango dira etapak.
Jakiunde programa
Azkenik, Donostia 2016 egitasmoko Jakiunde programan ere parte hartuko du Legazpik. Abendura bitartean, hitzaldiak eta mahai inguruak antolatzen ari da Jakiunde, ondorengo gaien inguruan: zahartzea, indarkeria, ingurumena, musika, irakaskuntza… Jarduera horiek hainbat lekutan ari dira egiten, eta maiatzaren 5ean Legazpin elkartuko dira, Chillida lantokian. Material berrien iraultza landuko dute. Zehazki, material berrien eta Euskadiko industria jardueraren inguruan ariko dira.
Legazpiko Udaletik herritarrak animatu nahi dituzte Donostia 2016 proiektuaren barruan antolatuko dituzten ekintzetan parte hartzera. Atzo aurkeztu zituzten Legazpin egingo diren ekintzak, udaletxean. Aitor Madina, Olatz Conde Lenburreko arduraduna eta Eric Galvez turismo zinegotzia izan ziren aurkezpenean.