Partida guztian aurretik joan dira Hernanikoak, eta merezita irabazi dute Gipuzkoako Kopa (29-46)
Ampo Ordiziako Rust-ek lortu dituen bi entseguetako bateko irudia. Arg./I. Gurrutxaga
Ampo Ordiziak ezin izan die Gipuzkoako Kopa Altamirako zelaira bildutako zaleei eskaini, baina gutxienetik datorren denboraldian Espainiako Ohorezko Mailan jarraitu ahal izateko behar zuen puntu bakarra lortu du lau entsegu gauzatu dituelako. Hernaniko taldea Ampo Ordizia baino talde hobea izan da gaur partida osoan, eta erraz nagusitu zaio Wade Kellyren taldeari (29-46).
Ampo Ordiziako jokalariak zaleak agurtzen. Arg./ I. Gurrutxaga
Hernanirentzat hil ala bizikoa zen gaurko partida, eta lehen unetik partida irabaztera etorri direla erakutsi dute. 21. minuturako 0-17 ziren aurretik hernaniarrak, eta atsedenaldira 8-20 joan dira. Bigarren zatia irekiagoa izan da, eta entseguak tartekatzen aritu dira bi taldeak. Partida bukatzerako minutu gutxi falta zirela lortu du Rust-ek Ampo Ordiziak mailari matematikoki eusteko behar zuen puntua, etxeko taldearen laugarren entsegua izan baita.
Gipuzkoako Kopa ere bazegoen jokoan gaurko partidan, eta Hernaniko kapitainak jaso du garaikurra Denis Itxaso kirol diputatuaren eskutik.