1931ko apirilaren 19an autodeterminazioaren aldeko agiria aho batez onartu zuen Zaldibiako Udalak

Zaldibian 1931ko apirilaren 19an Udalbatza osatzen zutenen senideak eta gaur egungo udal ordezkariak, Gure Esku Dagok antolatutako aitortza ekitaldian. Arg./ I. Gurrutxaga.
Zaldibiako Gure Esku Dagok 1931ko apirilaren 19an autodeterminazioaren aldeko agiria aho batez onartu zuen Udalbatzari eta haien ondorengoei aitortza bat egin die.
Araman eta Altzagan lau egun lehenago (1931-04-16) egin bezala, Zaldibian ere Euskal Errepublika sortzeko eskaera egin zuten Udalbatzako bederatzi hautetsiek. Sei EAJkoak ziren, eta hiru Alderdi Karlistakoak. “Euskal Herriaren autodeterminazioaren lehen ekintza gisan, Euskal Errepublika sortzeko eskaera egiten dugu, gainerako Iberiar Errepublikekin konfederatuta”, dio Zaldibiako artxiboan aurkitutako aktaren pasarte batek. Joan den larunbatean
Araman egin zen ekitaldiaren eta ekaineko galdeketari begira garatzen ari den
Elkarrekin prozesuaren ildoan antolatutako ekitaldia izan da. Atzo iluntzean egin zen aitortza-ezagutza ekitaldia, Zaldibiako antzokian.

1931ko apirilaren 19an autodeterminazioaren aldeko agiria onartu zuen Udalbatza osatzen zuten bederatzi ordezkariak. Arg./ I. Gurrutxaga
Orduko egoera politikoaren testuinguruari errepaso bat egin ondoren, bederatzi hautetsi haien senideei oroigarri bana eman diete gaur egungo Udalbatzako ordezkariek.
Agur Jaunak! doinua musikatu du segidan txistulari taldeak, eta bukatzeko argazkia atera dute. 1931ko apirilaren 19an Zaldibiako Udalbatza osatzen zutenak honakoak dira: Juan Mendizabal Jauregi (alkatea), Ramon Arrese Erauskin, Antonio Jauregi Unzueta, Martin Mendizabal Etxeberria, Prudencio Etxabe Sukia, Martin Irastorza Arruabarrena, Victor Ibarguren Imaz, Jose Mari Jauregi Maiz eta Ignazio Garmendia Garmendia.