Doinua musika eskolako perkusio taldearen kalejira Legazpin
Europako hainbat herritako musika eskolako ikaslek musikaz bete dute egunotan Goierri Emusik egitasmoari esker eta bertako musika eskolek lagunduta. Legazpin, Ordizian eta Urretxu-Zumarragan hainbat emanaldi izan dira atzo eta gaur.
Atzo Ordizian egin zuten kontzertua. Ordiziako Musika Eskolako ikasleez gain, Alemaniako, Suitzako eta Poloniako musikari eta abeslari gazte batzuek hartu zuten parte.
Zumarraga-Urretxun, berriz, Secundino Esnaola eskolak egin ditu anfitrioi lanak eta atzo Alemaniako musikarirekin batera egin zuten kontzertua hango ikasleek. Gaur, berriz, Eslovakiako eta Kataluniako musikariekin batera jardun dute kontzertuan goizean.
Legazpin, atzo hasi ziren Emusik ekitaldiak, Doinua Musika Eskolak gidatuta. Atzo kontzertua eskaini zuten hango ikasle batzuek eta herriko hainbat musika taldek Eslovakiatik etorritako musikari gazteekin batera. Gaur ere musika nagusitu da goizean zehar, eta Doinuako perkusio taldeak egindako kalejirak eman dio hasiera europar kutsuko jaialdiari. Doinuako Gazte Band, Legazpi Musika Banda, Santikutz Abesbatza, Sustraiak eta Korosti dantza taldeak, danborradako kideak eta Alemania eta Suitzako musikari gazteak elkartu dira bertan, ia 200 lagun guztira. Euskal Herria plazan egin dute emanaldia.