Iker Irribarria buruz buruko finalera
Mikel Urrutikoetxea txapeldunaren aurka neurtuko ditu indarrak hamabost egun barru
Iker Irribarriak 10-22 hartu du mendean Oinatz Bengoetxea Eibarko Astelenan, eta horrenbestez, 2016ko Esku-Huskako Buruz Buruko Txapelketaren finala jokatzeko sailkatu da. Mikel Urrutikoetxea txapeldunaren aurka neurtuko beharko ditu indarrak Irribarriak hamabost egun barru, hilaren 29an. Irabaziz gero, buruz buruko txapela janzten pilotaririk gazteena izango da.
Olaizola II.aren aurka final laurdenetako partidan egin bezala, ezkerrez atzera joz lortu du partida irabaztea Aramakoak. Leitzakoak egin du partidako lehen tantoa, eta 1-5 jarri da ondoren aurretik Irribarria. 3-9 aurreratu da ondoren, eta Bengoetxeak, txokoan tanto bat egin eta gero, tantoka-tantoka, markagailuari buelta eman dio (10-9). Leitzakoaren kale baten ondotik iritsi da 10eko berdinketa, eta hortik aurrera, erabat nagusitu da jokoan Irribarria, eta 12 tanto errenkadan egin ditu.













