
Idiazabalen, Gure Esku Dago mugimenduaren sehaskan ere, buru belarri ari dira herri galdeketaren aldeko lanean.
2008ko San Blas jaietan, sentsibilitate politiko desberdineko bi lagunek, EAJko Asier Oiarbide eta ezker abertzale inguruko Miel Mari Imaz, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena bere egin zuten.
Zortzi urte beranduago, botoa emateko aukera izan dute biek. 2008. urteko herri mailako adierazpen bat izan bazen ere, gaur aurretiko botoa ematea, nazio mailako ekintza bilakatu da. Besteak beste, Euskal Telebistako kamera ere bertan izan da aurretiko botoaren irudia hartzeko.
Imazen arabera, 2007an ez zuten uste hain urrutira iritsiko zirenik, «iritsi da, eta aukera daukagunez, jendeak aprobetxatu dezala bere iritzia emateko. Eta gozatzeko, gozatzeko garaia da. Herritarrak dira orain protagonista».
Oiarbidek ere igandean herri galdeketan botoa parte hartzera animatu nahi izan ditu herritarrak, «eguraldi txarra edo ona egin, botoa emateko, aukera pasatzen ez uzteko».
Angel Oiarbide Gure Esku Dagoko kideak ere botoa eman du gaur Idiazabalen, dozenaka idiazabaldarrek lagunduta. Tartean zen Gazta Zati Bat dokumentaleko protagonistetako bat, Lurdes Intxausti.