Herrian hazi eta hezi
2003tik dago martxan haur eskola; eskola 1983tik. «Txikitasunak dakarren gertutasuna eta goxotasuna» dira ezaugarri nagusiak. 2016-2017rako beka moduko laguntza jarri du Zeraingo Udalak
Zerain bezalako herri txiki baten etorkizunarentzat, garrantzia handiko zerbitzuak dira haur eskola eta eskola. Egunero haurren irriak, jolasak eta negarrak herrian entzuteak bizia ematen diete herriei. Haurren nortasuna garatzeko estrategikoa da hezkuntza. Zerainek aspaldi egin zuen haur eskolaren eta eskolaren aldeko apustua. Eta horretan, gaur egun, 0 eta 8 urte bitartean herrian bertan hazteko eta hezteko aukera dute zeraindarrek.
Haur eskola 2003ko abenduaren 2an ireki zuten, hiru haurrekin. Urte hauetan guztietan, guztira 45 haur inguru pasa dira. Horietatik gehienak, 30, zeraindarrak izan dira baina inguruko hainbat herritatik ere eraman izan dituzte haurrak Zeraingo haur eskolara. Seguratik, Zegamatik eta Idiazabaldik, esate baterako.
Hamabost hezitzaile arduratu izan dira haurren zainketaz, eta azken urteetan, 2008. ikasturtetik, zaintzaile bera dago haur eskolan.
Beka moduko laguntzak
Zerbitzu horiei eusten askotan ordea, zailtasunak izaten dituzte herri txikiek, haur kopuruarengatik. 2016-2017ko ikasturteari begira, «haur eskolaren erabilera bultzatzeko, ikasturte berrirako beka moduko laguntzak» emango dituela aurreratu dute udaletik, «familia erabiltzaileei laguntzeko». Zeraingo haur eskolaren kasuan, urte guztian egoten da haurra matrikulatzeko aukera, %75a ez dagoelako beteta. Zeraingoak ez diren gurasoei ere gonbita luzatu diete: «Txikitasun horrek ekartzen duen gertutasuna eta goxotasuna dira bere ezaugarri nagusiak». Telefonoa 943 80 01 09 da.
Jarraipena eskolan
Haur eskolaz gain, Zerainen hezkuntza proiektu osoa osatzen dute eskolak, garraioak, jangelak eta zaintza zerbitzuak. Hainbat urtetan itxita egon ondoren, 1983. urtean berriz jarri zuten eskola martxan. Pixkanaka-pixkanaka aurretik aipatutako zerbitzuak gehitzen joan dira zeraindarrak, «hezkuntza proiektu oso bat osatuz eta herritarrari zerbitzu oso bat eskainiz, horrek herriari bizia eta jarraipena emateko».
Zerbitzuei dagokienean, herri kaskotik kanpo bizi diren haurrak taxian eramaten dituzte eskolara. Ia eskolako haur guztiek, Mandioan bazkaltzen dute, bertan prestatzen duten otordua. Zaintza zerbitzua ere badute 07:30etik 09:00etara eta 16:30etik 18:00ak arte.
Eskolaz kanpoko jarduerak
Gurasoen lanari esker, ingelesa herrian bertan ikasteko aukera dute Zeraingo haurrek. Urte batzuetan musika ikasteko aukera izan zen Toberaren eskutik eta datorren ikasturteari begira, berriz ere martxan jartzeko aukera aztertzen ari dira.













